Gizartea -
Karbono monoxidoa
Trapagarango hiru lagun hil dira Palentzian, gasa arnastuta
Hildakoak senar-emazte batzuk eta emakumezkoaren aita dira. Oporretan zeuden bertan. Trapagaraneko Udalak hiru biktimak omendu ditu. Hileta-elizkizunak Bizkaiko herrian egingo dituzte.
Erredakzioa
Trapagarango (Bizkaia) sendi bereko hiru pertsona hil dira bart Carrion de los Condes herrian (Palentzia, Gaztela eta Leon), etxebizitza batean gasa arnastuta.
Hildakoak 55 urteko ertzain erretiratu bat, horren emaztea eta emakumezkoaren aita dira. Hirurak Trapagarango bizilagunak ziren, eta atzo iritsi ziren Carrion de los Condesera, Aste Santuko oporrak pasatzeko.
Larrialdi zerbitzuek azaldu dutenez, ezbeharra astearte gauean jazo zen, Mirador de la Vega urbanizazioko txalet batean.
22:08an, herritar batek larrialdietara deitu zuen, txalet baten barruan hiru pertsona konorte barik ikusi zituela ohartarazteko.
Osasun langileak barruan sartu zirenean, egongelan hiru pertsona eta txakur bat hilik zeudela egiaztatu zuten.
Ondoren, suhiltzaileek karbono monoxidoa atzeman zuten etxearen hainbat tokitan.
Antza denez, gas galdara bat edo egur berogailu bat izan litezke gas isuriaren kausa.
Carrion de los Condeseko Udalak dolu eguna deitu du gaurko, Javier Villafruela alkateak Radio Euskadin iragarri duenez.
Hildako hiru pertsonak suspertzen saiatu ziren osasun zerbitzuetako hiru langileak (mediku bat, erizain bat eta anbulantziako gidaria) ere toxikatu egin ziren eta Palentziako ospitalera eraman behar izan zituzten.
Ospitalean egon dira goizaldera arte, senda-agiria jaso duten arte, Luis Domingo Gonzalez Palentziako Juntako ordezkariak jakitera eman duenez.
Osasun-zerbitzuetako langileak ordu erdiz aritu ziren hildakoak suspertzeko ahaleginetan eta karbono monoxidoaren eraginak toxikatu egin zituen.
"Ahal zuten guztiak egin zuten suspertzeko, baina beranduegi zen", azpimarratu du Gonzalezek.
Alabak deitu zien bizilagunei
Javier Villafruela Carriongo alkateak azaldu duenez, hildako senar-emazteen alabak bizilagunei deitu zien harrituta, eta bizilagunek ikusi zituzten hiru pertsonen gorpuak lurrean.
Bikotea eta emakumearen aita astearte eguerdian iritsi ziren Carrionera, "etxea prestatzeko eta beratzeko, seme-alabak ere joan behar zirelako egun batzuk pasatzera", Vilalfruelak azaldu duenez.
"Arratsaldean, alabak, gurasoek deitu ez zielako harrituta, bizilagunei deitu zien. Bizilagunak etxera hurbildu ziren eta leiho batetik ikusi zituzten hiru gorpuak", alkatearen esanetan.
"Oso gertakari gogorra eta tragikoa da. Herria hunkituta dago, hemen denok ezagutzen baitugu elkar", azpimarratu du Villafruelak.
Udalaren omenaldia
Trapagaraneko Udalak hiru biktimak omendu ditu gaur. Hilabeteko ohiko udalbatza egin dute udaletxean. Alkateak, zinegotziek eta herritarrek minutu bateko isilunea gorde dute hildakoak gogorarazteko.
Udalbatza hasi baino lehen, Xabier Cuellar (EAJ) alkateak gertakari tamalgarriak deitoratu ditu.
Biktimen gorpuak Trapagaranera eramago dituzte datozen orduetan. Hileta-elizkizunak Bizkaiko herrian egingo dituzte.
Hiru hildakoen gorpuak datozen orduetan edo ostegun honetan Trapagaranera ekarriko dituzte, autopsiak amaitu bezain laster, ehorztetxeko iturriek jakitera eman dutenez.