Gizartea -
Illunbeko zezen-plazan
2016ra arte korridak debekatu ditu Donostiak
Zezen-plaza alokatzeko baldintzak "agiri" batzuetan bildu ditu Udalak. Araudiaren arabera, zezen-plaza "kultura, arte eta kirol" ekitaldietarako erabiliko dute.
Erredakzioa
Donostiako Udalaren Gobernuak (Bildu) Illunbeko zezen-plaza udan alokatzeko baldintzak bildu ditu agiri batzuetan. 2016ra arte indarrean egongo dira eta korridak debekatzen dituzte.
Axier Jaka Herritarren Parte-hartzerako zinegotziak gaur jakitera eman duenez, zezen-plaza alokatzeko baldintzen "agiriak plaza kirol, kultura eta arte" ekitaldietarako gordetzen du. Horrela, animaliei tratu txarrak ematen dizkieten ekintzak kanpoan uzten ditu.
Zezen-plazan "musika, kirol, arte eta kultura eskaintzak sustatu nahi ditu" arauak, Jakaren hitzetan, "animalien tratu txarrak erabat debekatuz".
Neurria "alkatearen jauntxokeriatzat" jo du Marisol Garmendia PSEko zinegotziak. Illunbeko zezen-plazan korridarik ez egiteko "debekua" Juan Carlos Izagirreren "apeta" dela salatu du. Neurriarekin "donostiar guztiak toreatuko ditu", Garmendiaren ahotan.
"Illunbeko debekua ezker abertzalearen inposaketa" bat dela esan du Eneko Goia EAJko bozeramaileak. "Donostiarren patriken kontura Bilduren agenda ideologikoa inposatu nahi dute", erantsi du.