Gizartea -
Istripua
76 urteko gizonezko bat hil da auto-istripu batean, Gernika-Lumon
Bestalde, 54 urteko gizonezko bat larri eraman dute ospitalera, Aretxabaletan gertatu den beste istripu batean.
Erredakzioa
76 urteko gizonezko bat hil da Gernika-Lumon (Bizkaia) gertatu den auto-istripu batean.
15:00etan gertatu da istripua, Renault Laguna kotxe bat errepidetik atera denean. Aita Luis Villasante kalean gertatu da ezbeharra. Kotxeak babeserako hesiaren aurka talka egin du eta bertara joan den medikuak ezin izan du ezer egin haren bizia salbatzeko.
Ertzaintza istripuaren nondik norakoa ikertzen ari da.
Bestalde, bigarren istripu bat gertatu da igande honetan EAEko errepideetan. 11:00etan, GI-627 bidean, Aretxabaletan, beste auto-istripu bat izan da, Eibar noranzkoan. Hyundai Elantra kotxe bat errepidetik atera da eta horma baten aurka talka egin du. 54 urteko gidaria larri eraman dute Debagoieneko Ospitalera.