Gizartea -
Kuwaiten
Bi urteko zigorra blogari batentzat Twitterren emirra iraintzeagatik
Estatuaren segurtasunaren aurkako delitutzat jo ohi dute Kuwaiteko emirra iraintzea. Urtarrilean, oposizioko beste ekintzaile bat zigortu zuten delitu bera egotzita.
Erredakzioa
Kuwaiteko zigor-auzitegi batek bi urteko espetxe-zigorra ezarri dio Hamad al Jaledi blogariari Sabah al Ahmad al Sabah emirra Twitterren iraindu ostean, Kuwaiteko hainbat komunikabidek jakinarazi dutenez.
al Jaledik kartzelaldia berehala bete beharko du. Hala ere, zigorraren aurkako helegitea aurkeztuko duela iragarri du Yaser al Yadaei blogariaren abokatuak. Estatuaren segurtasunaren aurkako delitutzat jo ohi dute Kuwaiteko emirra iraintzea.
Beste zigorra urtarrilean
Urtarrilean, oposizioko beste ekintzaile bat zigortu zuten delitu bera egotzita. Kuwaiteko epaitegi batek bi urteko kartzela-zigorra ezarri zion beste blogari bati emirra Twitterren iraintzeagatik.
Rashid Saleh al Anzi blogariak Twitterren mezu bat jarri zuen eta edukia aditzera eman ez duten arren, epailearen ustez Saba al Ahmad al Sabah "emirraren eskubideei eta boterei sastada ematen zien".