Gizartea -
Euriteak
Nafarroak alertan jarraitzen du baina Ebroren ur-mailak behera egin du
Erriberako Udalek premiazko irtenbideak eskatu dituzte urtarrilatik hona pairatzen ari diren uholdeei aurre egin ahal izateko. Nekazariek galera ekonomiko handiak pairatu dituztela salatu dute.
Erredakzioa
Igandearekin alderatuta, Ebro ibaiaren ur-mailak behera egin du Castejonen (Nafarroa) baina, hala ere, alerta egoera mantenduko dute azken egunotan Nafarroan izandako euriteen ondorioz.
Ebroren Konfederazio Hidrografikoaren datuen arabera, ur mailak 6,20 metroko altuera du (igandean, berriz, 6,56 metro), eta 1.457,80 m3/s-ko edukiera.
Adituek diotenez, ur-maila egonkor matenduko da datozen orduetan baina alerta "badaezpada" mantentzea erabaki dute. Momentuz, normaltasuna da nagusi, eta ez da aparteko jazoerarik izan. Errepideei dagokionez, N-113k (Iruñea-Madril) itxita jarraitzen du, ibaiak gainezka egin ostean, uholdeak izan ondoren.
Irtenbide eske
Erriberako Udalek premiazko irtenbideak eskatu dituzte urtarrilatik hona pairatzen ari diren uholdeei aurre egin ahal izateko. Halaber, nekazariek galera ekonomiko handiak pairatu dituztela salatu dute.
Azken egunotako euriteek Ebrok berirro gainezka egitea eragin du, eta otsaileko uholdeak ekarri ez baditu ere, dikeak konpondu ez zituztenez, hainbat udalerriko lur-sailak ur azpian geratu dira.