Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Bi gizon atxilotu dituzte Bilbon, bikotekideei eraso egitea leporatuta
Atxilotuetako batek (26 urte ditu) sei hilabete haurdun daramatzan bikotekideari eraso egin dio ustez.
Erredakzioa
Bi emakume, tartean sei hilabete haurdun daramatzan bat, artatu dituzte azken orduotan Basurtoko ospitalean, Bilbon, ustez haren bikotekideak eta bikotekide ohiak (28 eta 26 urte dituzte) eraso ostean. Ertzaintzak bi gizonezkoak atxilotu egin ditu.
Atxilotuetako batek, 28 urteko gazteak, kolpeak eman dizkio eta aurpegian kosk egin dio bere bikotekide ohiari; dirudienez, harengandik urruntzeko agindua zuen. 26 urteko beste atxilotuak sei hilabete haurdun daramatzan bikotekideari eraso egin dio, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Lehenengo kasua atzo goizaldeko lehen orduan izan zen, San Frantzisko auzoko pisu batean, Bilbon, gertakizun hauen biktima bizi zen lekuan.
Emakumeak goiz horretan bertan gizonezkoa bere pisuan sartu dela salatu du, eta, azaldu duenez, ez da lehenengo aldia izan. Indarrean dagoen urruntze-agindua zuen gizonezkoak.
Ustezko erasotzailea etxebizitzatik irten da, eta biktima Basurtoko ospitalera eraman dute.
Bigarren erasoa 15:00ak aldera izan da, Ametzola auzoko etxebizitza batean, Bilbon.
Biktimak aurkeztutako salaketaren arabera, bikotekideak jo egin du, eta, gaineratu duenez, elkarrekin bizitzen jarri zirenetik eraso egiten dio. Dirudienez, azken hilabeteotan eraso horiek gehitu egin dira.