Gizartea -
Cabacas auzia
'Iñigo gogoan' plataformak justizia eskatu eta manifestazioa deitu du
Herri-plataformak azaldu duenez, dagoeneko urtebete igaro da eta "Fiskaltzak ikertzeko borondaterik gabe eta poliziaburuek gertatutakoa argitu gabe jarraitzen dute".
Erredakzioa
Iñigo Cabacasen, Ertzaintzak pilotakada batez hil zuen Athletikzalearen, omenez sortutako herri-plataformak manifestazioa deitu du apirilaren 13rako Bilbon, gazte basauriarraren heriotza oraindik argitzeke dagoela salatzeko eta ardurak exijitzeko.
Ostiralean urtebete beteko da Cabacas hil zela. Athletikek jokatu zuen partida baten ostean hil zen Cabacas, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek jota. Urtebetere ostean, ikerketa judizialak irekita jarraitzen du, baina oraindik ez dute inor inputatu.
'Iñigo gogoan' plataformak prentsaurrekoa eman du gaur, eta salatu duenez, "Fiskaltzak ez du ikertzeko borondaterik eta poliziaburuek ez dute gertatutakoa argitzen".
Egungo Poliziaren ereduari "xake" egiteko eskatzen duten kartelak aurkeztu dituzte eta "ekintzak" eskatu dizkiote Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuari; izan ere, "ertzainek ez dute identifikazio zenbakirik agerian eramaten, aurpegia kaputxarekin ezkutatzen dute eta pilotak jaurtitzeko gailuak daramatzate".
Plataformak bat egin du Iñigo Cabacasen senideek eta lagunek ostiralerako deitu duten omenaldiarekin.
Gainera, Cabacas auziaren inguruko dokumental bat emango dute hilaren 9an Bilboko Kafe Antzokian. Era berean, eredu polizialari buruz eztabaidatzeko jardunaldiak antolatu dituzte.