Gizartea -
Zigoitia (Araba)
10 soldaduren hezurrak berreskuratu dituzte EAEko hobi handienean
Soldaduak 20 urte inguruko gizonezkoak ziren, eta Legutioko guduan hil zituzten.
Erredakzioa
Aranzadi Zientzia Elkarteak Gerra Zibilean hildako 10 miliziano komunistaren hezurrak berreskuratu ditu gaur, orain arte Euskadin atzemandako hobi komun handienean, Zigoitian (Araba). Bertan, gainera, omenaldia egin diete hildakoei.
Francisco Etxeberria Aranzadiko presidenteak azaldu duenez, 10 soldaduak 20 urte inguruko gizonezkoak ziren. Legutioko guduan hil zituzten, eta horien gorpuak arroparekin eta ahoz behera zeuden.
Hobian beste hainbat pertsonaren hezurrak topatu badituzte ere, ezin izan dituzte guztiak berreskuratu. "Hobia errepidearen azpian dago, eta, ondorioz, ezin izango ditugu hezur guztiak jaso", adierazi du Etxeberriak.
Dena dela, gorpuak berreskuratzea "sinbolikoa" dela eta gaur jasotakoak "inoiz topatuko ez ditugunen ikur" ere badirela nabarmendu du.
Adituek DNA azterketak egingo dituzte orain, hildakoak identifikatzen saiatzeko. Lortu egingo balute, horien senideekin harremanetan jartzen ere saiatuko lirateke. Nolanahi ere, "itxaropen faltsurik" sortu nahi ez dutela ohartarazi du Etxeberriak.
Aranzadiko presidenteak Salvador Allende Txileko presidentearen autopsian esku hartu zuen, eta ustez Jose Bretonek hildako Ruth eta Jose seme-alaben auzian ere hartu zuen parte. Aurki Pablo Nerudaren gorpua aztertuko du, pozoituta hil ote zuten argitzeko.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Monika Hernando Giza Eskubideen zuzendaria, Mikel Lasheras Zigoitiako alkatea eta Felix Placer Etxaguengo bikarioa ere Zigoitian izan dira gaur.
Gerra Zibileko azken hobi handia ekainaren 16an zabaldu zuten, Elgoibarren (Gipuzkoa). Bertan lau gudariren gorpuzkiak atera zituzten. Gudariak borrokan hil ziren, 1936ko irailean.