Gizartea -
Haur eta nerabeentzako plana
Ezkontzeko gutxieneko adina 14 urtetik 16 urtera igoko dute
Baimendutako sexu-harremanetarako gutxieneko adina ere igo egingo dute. Halaber, tratu txarrak jasan dituzten emakumeen seme-alabak ere genero indarkeriaren biktima izango dira.
Erredakzioa
Aurrerantzean, adingabeak izango dira 16 urte bete arte ezkondu, egungo 14 urteen aldean, Gobernuak ostiral honetan onartu duen 2013-2016 Haurtzaro eta Nerabetasun planak jasotzen duenez. Indarkeria kasuetan eta arrisku eta babesgabetasun egoeretan adingabeak babestea du planak helburu.
Espainian ezkontzeko gutxienekoa dina 18 urtekoa baldin bada ere, adingabeek ezkontzeko aukera dute, burujabeak baldin badira eta baimen judiziala edo familiaren baimena baldin badute. Orain arte, 14 urte zen kasu horietan ezkontzeko gutxieneko adina, baina, aurrerantzean, 16 urtekoa izango da gutxieneko adin hori. Hala, Kode Zibila moldatu beharko da.
Baimendutako sexu-harremanetarako gutxieneko adina ere igotzeko asmoa dute, Ana Mato Osasun ministroak prentsaurrekoan aurreratu duenez. Egun 13 urtekoa da adin hori, eta, ministroak azaldu duenez, inguruko herrialdeetan indarrean dagoen adinarekin bat eginez igotzea da asmoa, adingabeen abusuak ekidin eta pederastiaren kontra borrokan eraginkortasun handiagoa lortzeko. Adina igotzeko neurria Kongresuan eztabaidatuko dute.
Adin berrikusketa NBEren Haurren Eskubideetarako Batzordeak eta Europako Kontseiluak emandako gomendioei jarraituz egin dute.
Seme-alabak ere biktima izango dira
Tratu txarrak jasan dituzten emakumeen seme-alabak ere biktima gisa aitortzea da planaren helburua, eta, horretarako, genero indarkeriaren kontrako legea ere aldatu beharko dute.
Beste neurri batzuk
Beste neurri batzuen artean, babesgabetasun egoeran dauden 3 urtetik beherako haurrak ez dira inolako erakundeetatik igaro beharko, eta, ''urgentziazko familien'' esku geratuko dira zuzenean. Familia hauek ''harrera pertsonalizatua'' eskainiko dute, beharrezkoa den kasuetan.
Planak, halaber, adopzio arloan berrikuntzak ezartzen ditu, eta, besteak beste, ''adopzio irekiak'' jasotzen ditu. Horietan, familia biologikoarekin ''zenbait harreman'' mantenduko lituzke adingabeak.
Bestalde, nerabeek pediatria unitateetan jarraitzeko adina ere 18 urtera igotzea da asmoa. Alkohola kontsumitzeko gutxieneko adin legala ere 18 urtera igoko dute.
Guztira, 5.159 milioi euroko aurrekontua izango du plan berriak.