Gizartea -
Euriteen ondorioz
Euskotren zerbitzua eten dute Mallabian luizi baten ondorioz
Trenbidearen erdian zegoen lurraren aurka egin du talka Euskotreneko unitate batek. Ez da zauriturik izan, eta bidaiariak autobusez eraman dituzte helmugara.
Erredakzioa
Azken 48 orduetan Bizkaian izandako euriteen ondorioz luizi bat izan da Mallabian, Bizkaia eta Gipuzkoa lotzen duen trenbidean, eta horren ondorioz, Ermua eta Zaldibarren arteko tren zerbitzua eten dute.
Euskal Trenbide Sareak jakinarazi duenez, trenbidearen erdian zegoen menditik eroritako lurraren aurka egin du talka Euskotreneko unitate batek. Hala ere, ez da zauriturik izan, eta bidaiariak autobusez eraman dituzte helmugara. Luizia 10:30ean jazo da, Bilbo eta Donostia arteko trenbidearen 42,350. kilometroan.
Jazoeraren ondorioz, Euskotrenek zerbitzua eten du Ermua eta Zaldibarren artean, eta bidaiariak autobusez eraman behar izan dituzte. Bitartean, unitatea bertatik kentzeko eta trenbidea garbitzeko lanek jarraitzen dute.