Gizartea -
Osasunaren Nazioarteko Eguna
Lau herritarretik batek du hipertentsioa Euskadin
Gaitz hori saihesteko ariketa fisikoaren eta ohitura osasuntsuen garrantzia azpimarratu du Jon Darpon Osasun sailburuak.
Erredakzioa
Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira Jon Darpon Osasun sailburuak hipertentsioaren arriskuaz ohartarazi du, eta gaitz honi aurre egiteko ariketa fisikoaren eta ohitura osasuntsuen garrantzia azpimarratu du.
Gaur, hipertentsioari dedikaturiko aurtengo Osasunaren Nazioarteko Egunean Gasteizko Exekutiboak ohar baten bidez gogora ekarri duenez, milioika laguni eragiten dieten gaitza da. Izan ere, lau euskal herritarretik batek du hipertentsioa.
Data hori ospatzeko Getxon izandako paseoan parte hartu du Darponek. Halaber, ariketa fisikoa egitera animatu ditu euskal herritarrak, hipertentsioak eragindako ondorioak saihesteko.Gainera, ohitura osasuntsuen alde egin du, tartean, loditasuna kontrolatzea, erretzeari uztea eta alkohol gutxi edatea.
Osasun sailburuak azaldu duenez, "gaitz hura isila da, ondorioz, garrantzitsua da noizean behin medikuarengana joatea tentsioa mendean izateko".
Darponek gogora ekarri duenez, kontrolik gabeko hipertentsioak gaixotasun larriak eragin ditzake, tartean, iktusa, infartua, bular-angina edo giltzurrun-gutxiegitasuna.
Halaber, osasuna "gure gizartearen balore garrantzitsuenetarikoa da, gurea bezalako gizarte garatuetan bereziki". Gauzak horrela, Osasun Sailetik ikuspegi zabalagoa proposatu dute, "osasuna haratago doalako, gure eguneroko bizitza baldintzatzen duten hainbat faktore barneratzen dituelako".