Gizartea -
Gipuzkoa
14 urteko kartzela zigorra, emakume langile urritu bat bortxatzeagatik
Urritasunen bat duten langileen enpresa baten egiten zuen lan zigortutako gizonak, ikuztegian. 20.000 euroko kalte-ordaina eta 19 urtez biktimarengana hurbiltzeko debekua ere ezarri diote.
Erredakzioa
14 urteko kartzela zigorra ezarri diote gizonezko bati, urritasun psikologikoa duen emakume langile bat behin baino gehiagotan bortxatzeagatik. Urritasunen bat duten langileen Gipuzkoako enpresa batean egiten zuten biek lan.
Espetxe zigorraz gain, 20.000 euroko kalte-ordaina eta 19 urtez biktimarengandik 500 metro baino gutxiagora hurbiltzeko debekua ere ezarri dio Gipuzkoako Auzitegiak akusatuari. Enpresari, berriz, erantzukizun zibil subsidiarioa.
Hala, epaiak frogatutzat eman ditu 2006an abiatu ziren bortxaketa salaketak. Testuan jasotzen denez, urritasun fisikoa duen gizonak autoan bortxatu zuen estreinakoz % 33eko urritasun psikikoa duen biktima, urte bukaera dela-eta langileek egin zuten afari baten ondoren.
Auzitegiak sinesgarritasuna eman die biktimaren salaketei, eta, epaiak jasotzen duenez, ordutik aurrera behin baino gehiagotan errepikatu ziren bortxaketak, lantokian bertan.
Testuaren arabera, biktimarekiko ''hierarkia nagusitasuna'' baliatuz egindako mehatxuekin lortu zuen biktima behin baino gehiagotan bortxatzea, erasoak salatzen bazituen ''lanetik botako zutela'' esaten ziolako.
Emakumeak, azkenean, enpresako arduradunari janarazi zion gertatzen ari zena.