Gizartea -

Sutea

Kaltedunei hipoteka ez kobratzeko eskatu die bankuei Bermeoko alkateak

Normaltasun irudia hartzen hasi da Bermeo, eta giroa lasaiagoa da jada. Gertatutakoaren inguruko ikerketa gaur amaitzea aurreikusi du Polizia Zientifikoak.

Laguntza psikologikoa emango zaie herritarrei. EFE
Laguntza psikologikoa emango zaie herritarrei.
Bermeoko Udala hasi da kaltedunei laguntzak eskaintzen

1:45

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bermeoko sutearen ondorioz etxebizitzak galdu dituzten bizilagunei hipotekak ez kobratzeko eskatu die banketxeei Idurre Bideguren Bermeoko alkateak.

Sutearen osteko lanak berrikusi ostean egin ditu adierazpenak alkateak. Suteak hiru etxebizitza suntsitu zituen eta kalte larriak egin zituen beste zortzi eraikinetan.

Ildo horretan, "banketxe guztiek esfortzua egin beharko lukete kaltedunei laguntzeko", esan du. Izan ere, suntsitutako etxebizitza baten jabeak banketxeko eskutitz bat jaso du hipoteka-maileguarengatik ordaintzen duena oraingoz kobratuko ez diotela esanez.

Horregatik, beste banketxeek etxerik gabe geratu direnen egoera ekonomikoa arintzeko ere neurri berak hartzea espero duela esan du.

Bidegurenek ez du baztertu beste eraikin batzuk bota behar izatea suteak eragindako kalteak direla eta.

Udala, Jaurlaritza eta Bizkaiko Aldundia suteak egindako kalteak konpontzeko elkarlanean aritzearen alde egin du beste behin.

Ez du zehaztu Espainiako Gobernuari laguntzak eskatuko dizkion ala ez, ezta alde zaharra berritzeko lanek zenbat balioko duten ere.

Bizkaiko Aldundiak astearte honetarako aurreikusi du lehen 10 etxebizitzak ematea. 75 ditu guztira Bermeon. Lehen sei hilabeteetarako doakoak izango dira etxeak, eta ondoren, familia bakoitzaren egoera aztertuko dute.

Kasu bakoitza era indibidualean aztertuko dutela azaldu du alkateak, etxebizitza batzuk ohiko bizilekua zirelako, beste batzuk alokairuan zeudelako eta azkenik, besteak uda pasatzeko pisuak zirelako.

Diru-laguntzak

Polizia Zientifikoa astelehenean izan da sutea izan zen lekuan eta kaltedunak jada hasi dira Udalaren eskutik arreta pertsonalizatua jasotzen.

Bermeon pixkanaka normaltasuna berreskuratzeko ahaleginetan ari dira bertako herritarrak. Asteburua hondakinak ateratzen pasatu dute, eta, igandean, suhiltzaileek berriro ere ura bota behar izan zuten sutea izandako gunean, berriro ere sua berpiztu zelako.

Suteak utzitako hondakinak kendu dituzte jada, 650 tona zehazki, sua piztu zen lekuan izan ezik; izan ere polizia zientifikoa ikertzen gune hori ikertzen ibili zen astelehenean ezbeharra zerk eragin zuen argitzeko.

Sutea dela eta 35 familiak beharko dute etxebizitza epe luzerako eta hainbat negozio ere itxi beharrean geratu dira. Astelehen honetatik aurrera, arreta zuzenagoa eta banakako bilerak izango dira Bermeoko udal gizarte zerbitzuan egoera ezberdinak aintzat hartuz.

Juan Mari Aburto Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburua Bermeon izan zen atzo eta Udal arduradunekin batzartu zen. Juan Carlos Agirre Bermeoko Zerbitzuen zinegotziak esandakoaren arabera, oraindik ezin da diru-laguntzen kopurua zehaztu, kalteen inguruko kalkuluak oraindik egiteke daudelako.

Udalak kaltedunei laguntzeko leihatila bat jarri du herritarren arretarako bulegoan. Halaber, laguntzen inguruko informazio guztia banan-banan emango dute udaletxean bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea