Gizartea -
Sutearen ondorioak
Bermeoko Udala etxea galdu zuten bizilagunekin bilduko da asteazkenean
Udalak kaltedunei laguntzeko leihatila bat jarri du herritarren arretarako bulegoan, baina, laguntzen inguruko informazio guztia banan-banan emango diete udaletxean bertan.
Erredakzioa
Bermeoko sutean etxea galdu zuten bizilagunekin bilduko da asteazkenean Udala, arreta pertsonalizatua jasotzeko, hau da, euren egoera aztertu eta nola lagundu zehazteko.
Joan den osteguneko sute basatiaren ondorioz, guztira 35 daude etxera itzuli ezinda, eta horietatik 19k gutxienez, behin betiko galdu dute etxea.
Sutearen ondorioz hiru eraikin behera etorri ziren guztiz, eta beste zortzitan kalte larriak izan ziren. Horietako batean, alegia, proba bereziak egin behar dituzte eraisteko arriskurik baden ala ez ikusteko.
Udalak kaltedunei laguntzeko leihatila bat jarri du herritarren arretarako bulegoan. Halaber, laguntzen inguruko informazio guztia banan-banan emango dute udaletxean bertan.
Herria apurka apurka normaltasunera itzultzen ari da, baina azken 30 urteotan Bizkaian jazotako sute larrienaren arrastoak nabarmenak dira oraindik.
Suteak utzitako hondakinak kendu dituzte jada, 650 tona zehazki, sua piztu zen lekuan izan ezik; izan ere polizia zientifikoa gune hori ikertzen ibili zen astelehenean ezbeharra zerk eragin zuen argitzeko.
Hipotekak ez kobratzeko eskaera
Bermeoko sutearen ondorioz etxebizitzak galdu dituzten bizilagunei hipotekak ez kobratzeko eskatu die banketxeei Idurre Bideguren Bermeoko alkateak.
Sutearen osteko lanak berrikusi ostean egin ditu adierazpenak alkateak.
Ildo horretan, "banketxe guztiek esfortzua egin beharko lukete kaltedunei laguntzeko", esan du. Izan ere, suntsitutako etxebizitza baten jabeak banketxeko eskutitz bat jaso du hipoteka-maileguarengatik ordaintzen duena oraingoz kobratuko ez diotela esanez.
Horregatik, beste banketxeek etxerik gabe geratu direnen egoera ekonomikoa arintzeko ere neurri berak hartzea espero duela esan du.