Gizartea -
EHU-ren campusean
Leioako Ostalaritza Eskolako ikasleen testigantzak
Bost ikasle zauritu dira, gutxienez bat larri, gaur goizean Leioako Ostalaritza Eskolan jazotako eztanda batean.
Erredakzioa
Bost ikasle zauritu dira, gaur goizean Leioako Ostalaritza Eskolan jazotako eztanda batean. "Iritsi naizenean dena hankaz gora zegoen", esan du "minutu batzuengatik" eztanda izan den gelan egon ez den ikasleetako batek.
Leherketa 10:15ean jazo da, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) campusean dagoen Ostalaritza Eskolako sukalde batean. Presio eltze industrial bat lehertu egin da, eta Ostalaritzako Lehen Mailako bost ikasle zauritu dira, horietako bat larri, bigarren mailako erredurak egin baititu bizkarrean.
"Eltzea ireki behar ez zuela jakin arren, ireki egin du, eta eztanda egin du", azaldu du une horretan gelan zegoen ikasle batek. "Bi mutil gerturatu dira eltzera, eta kalte handiagoak hartu ditu ireki ez duenak, bete-betean jo baitu", gaineratu du.
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailetik azaldu dutenez, lapikoa irekitzean jazo da eztanda.
"Larrien zegoenari arropa kendu diote, baita Baionako ikasleetako bati ere. Ondoren, ur hotza bota diete", azaldu du lekuko batek.
"Irakasleak gu lasaitzen saiatu dira", esan du beste batek.
Zaurituetako hiru, tartean larri dagoena, Baionako Ostalaritza Eskolakoak dira. Astelehenean heldu ziren Leioara, bertako eskola ezagutzeko.