Gizartea -
Jaialdia
Milaka arabar Armentiako landetan bildu dira San Prudentzio egunean
Aurtengo erromesaldian termometroak 7-10º inguru markatu ditu. Hala ere, milaka lagun izan dira bertan, taloz eta erroskilaz, besteak beste, gozatzeko.
Erredakzioa
Milaka arabar Armentiako landetan izan dira igande honetan, San Prudentzio egunaren harira, ospakizunaz gozatzeko. Euria eta txingorra izan dira goizean, baina horrek ez ditu arabarrak izutu. Euritakoak eta berokiak lagun, aurtengo erromesaldian termometroak 7-10º inguru markatu ditu.
Hala ere, lantzean behin ostarteak izan dira nagusi eta hainbat eguzki-une izan dira hizpide. Gauzak horrela, goizetik hainbat lagun izan dira bertan erroskilaz eta bertan egindako taloz gozatzeko.
Ordezkaritza politikoa
Bestalde, agintarien zenbait ordezkari izan dira Santuko giza-iruditik Basilikaraino doan erromesaldian. Gainera, Miguel Asurmendi Gasteizko gotzainak zuzendutako meza izan da Basilikan, eta horri amaiera emateko ohorezko aurresku izan da.
Iñigo Urkullu lehendakariak erromesaldian parte hartu du lehen aldiz, beste hainbat agintariekin batera: Carlos Urquijo Gobernuko ordezkaria Euskadin, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusia, Javier Maroto Gasteizko alkatea eta Juan Antonio Zarate Arabako Batzar Nagusietako presidentea, besteak beste.
Ondoren, Foru Aldundian izandako ekitaldian, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak Arabako Domina eman dio Jesus Langile-Elizbarrutiko Fundazioari.
Perretxikoak eta barraskiloak
Bitartean, hainbat elkarte gastronomikotan eta Arabako etxebizitza anitzetan perretxikoak eta barraskiloak izan dituzte hizpide gaurko janaria prestatzeko, San Prudentzio egunean ohikoak direlako.
Armentiako landetan herri-kirolaz ere gozatzeko aukera izan dute arabarrek (tartean, harri-jasotzaileak izan dira). Arratsaldean kontzertua izango da, eta horrek amaiera borobila emango dio erromesaldiari. Maiatzaren 1ean beste ospakizuna izango da Araban, kasu horretan, Estibalizen, Arabako patroia omentzeko.