Gizartea -
Marta del Castillo auzia
Aske geratu da Carcañaroren anaia inputatu gisa deklaratu eta gero
Francisco Javier Delgadok, Carcañoren anaiak, hark emandako azken bertsioa ukatu du. Epaileak "datozen egunetan" erabakiko du horren inputazioarekin aurrera jarraitu ala ez.
Erredakzioa
Francisco Javier Delgado, Miguel Carcaño Marta del Castilloren hiltzailearen anaia, aske geratu da auzia daraman epailearen aurrean inputatu gisa deklaratu ostean.
Epaitegietatik esan dutenez, 08:15ean hasi da deklarazioa, eta "laburra" izan da. Francisco de Asis Molina Sevillako instrukzioko 4 zenbakiko epaitegiko epailearen aurrean deklaratu du, eta azken horrek ez du inputatuaren aurkako prebentziozko neurririk hartu.
Auziko iturrien arabera, Delgadok ukatu egin du anaiak zazpigarren bertsioan egindako inputazioa. Horren arabera, Delgadok hil zuen Marta pistola baten kulatarekin neskatoa anaien arteko liskar baten erdian sartu zenean.
Jose Maria Calero abokatuaren galderei erantzunez, Delgadok Martaren gurasoen alde egin du eta Carcañok zergatik inputatu duen ez dakiela esan du.
Deklarazio honen ostean, epaileak "datozen egunetan" erabakiko du horren inputazioarekin aurrera jarraitu ala ez. Gorenak krimena ezkutatzeaz absolbitu egin zuen epaiketan.
Atzo, Carcañok deklaratu zuen, eta bertsio berria berretsi zuen. 21 urteko eta 3 hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten Marta del Castilloren heriotzagatik, baina horren azken bertsioaren arabera, bere anaiak hil zuen gaztea. Fiskaltzak ordea, ez dio bertsio horri "sinesgarritasunik" ematen.
Carcañoren arabera, 2009ko urtarrilaren 24an, bere anaiak pistola baten kulatarekin hil zuen Marta, eta geroago, biek La Rinconadan (Sevilla) lurperatu zuten gorpua.
Bertsio berriaren arabera, bi anaiek liskarra izan zuten egun horretan Leon XIII kaleko etxebizitzan, eta Marta tartean sartu zen. Une horretan, pistolarekin jo zuen anaia zaharrenak; segurtasun zaindaria zen, eta lanerako tresna gisa zuen arma.
Bien artean Delgadoren emaztearen kotxean eraman zuten gorpua La Rinconadara, Majaloba gisa ezagutzen den zonaldera. Bertan gorpua lurperatu eta hurrengo egunean, karea bota zuten gainetik.
Hori guztia zergatik ez zuen aurretik kontatu galdetu zion epaileak atzoko deklarazioan, eta Carcañok bera baino 20 urte nagusiagoa den anaiaren beldur dela esan zuen.