Gizartea -
Kursaal Jauregian
1.700 aditu bildu dira Donostian, autismoaren inguruko kongresuan
Autismoak zergatik eragiten dien gizonezkoei emakumezkoei baino gehiago, eta horrek tratamenduetan ekarri ditzakeen aldaketak aztertuko dituzte, besteak beste, gaurtik larunbata arte.
Erredakzioa
Haurdunaldia baino hilabete lehenago eta lau asteren ondoren azido folikoa hartzeak % 39 murriztu dezake haurrak autismoa izateko arriskua, adituen arabera. Besteak beste, ingurumen-baldintzek eta bizimodu ohiturek autismoan duten eragina ari dira aztertzen Donostian bildutako profesionalek. 40 herrialdetako 1.700 aditu bildu dira gaurtik datorren maiatzaren 4a arte Kursaal Jauregian, International Meeting for Autism Research (IMFAR) autismoari buruzko nazioarteko kongresuan parte hartzeko.
Autismoaren inguruko zalantzak oraindik asko dira, baina jatorria genetikoa dela argitu du Joaquin Fuentes kongresuaren presidenteak. Edonola ere, ''geneak ez dira mugiezinak'', adituaren hitzetan, eta horien ''adierazpena'' alda liteke, ohituren, elikaduraren eta bizimoduaren arabera. Aldaketa hauek hurrengo belaunaldira igaro litezke, Fuentesek argitu duenez.
Diagnostikoa ahalik eta arinen egitea funtsezkoa dela gogoratu du Fuentesek.
Zergatik eragiten die gehiago gizonezkoei?
Autismoak zergatik eragiten dien gizonezkoei emakumezkoei baino gehiago, eta horrek tratamenduetan ekarri ditzakeen aldaketak aztertuko dituzte, besteak beste.
Azken ikerketek agerian utzi dute generoak autismoan duen garrantzia, eta hortaz, arazo horri aurre egin ahal izateko bide eta tratamendu berriak ikertzea da egun helburu nagusietako bat.
Izan ere, autismoak neska bakoitzeko lau mutili eragiten die, eta koefiziente intelektual handikoen artean, ratioa are handiagoa da; horien artean, neska bakoitzeko zortzi mutili eragiten die.
Ikerketaren ikuspegia aldatzeko beharra izango dute aztergai egunotan Donostiako kongresuan. Banakakoen tratamenduetan soilik ez, aurerantzean autismoa generoan ere fokua jarriz ikertu behar dutela azpimarratu dute.