Gizartea -
Epizentroa, Beriainen
Bi lurrikara izan dira goizaldean Nafarroan
2,6 eta 1,8 graduko indarreko mugimenduen epizentroa Beriain herrian izan da.
Erredakzioa
Goizaldean, 2,6 eta 1,8 graduko bi lurrikara izan dira Nafarroan, Espainiako Institutu Geografikoaren arabera. Bi lurrikarek Beriainen izan dute epizentroa.
Antza denez, lehenengo astinduak 2,6 graduko indarra izan du Richter eskalan, eta 04:47 inguruan gertatu da. Bigarren lurrikara arinagoa izan da, 1,8 gradukoa Richter eskalan, eta 05:21 inguruan izan da. Espainiako Institutu Geografikoak jakinarazi duenez, Noain inguruan sentitu dute dardara.
Aurretik ere lurrak hainbat aldiz egin du dar-dar Nafarroan. Iragan asteburuan, esaterako, bi lurrikara izan ziren, Luzaiden eta Utergan.
Bestalde, martxoan indar handiagoko bi lurrikara izan ziren Nafarroan: bata 4,1 gradukoa Etxaurin, eta bestea 3,7 gradukoa, Ziritzan.