Gizartea -

Auzia Kongresura iritsiko da

Osasun txartelik gabeko senegaldarraren heriotzak polemika piztu du

28 urteko gaztea Mallorkan hil zen eta Balear Uharteetako Ezker Batua alderdiak auzia Kongresura eramango du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Balear Uharteetako Ezker Batua alderdiak hildako senegaldarraren auzia Kongresura eramango du. 28 urteko gaztea Mallorkan hil zen tuberkulosiak jota eta ez zuen osasun txartelik.

Alpha Pam senegaldarrak urte batzuk zeramatzan Mallorkako Can Picafort herrian bizitzen eta apirilaren 21ean hil zen ustez artatu ez zuten tuberkulosiagatik.

Balear Uharteetako Ezker Batua alderdiak ohar batean esan duenez, Ana Mato Osasun ministroaren agerraldia eskatuko dute, "erkidegoei ezarritako araudiaren arduraduna delako".

Horien iritziz, etorkinaren heriotzak "neurri horien krudeltasunaz hausnartzera eraman behar gaitu".

Halaber, ikerketa eskatu dute eta egon daitezkeen zigor arloko ardurez gain, "ardura politikoak" eskatu dituzte.

Bestalde, Balear Uharteetako PSOE alderdiak ere bertako Parlamentuan azalpenak eskatuko dizkio Martí Sansaloni Osasun kontseilariari. Etorkinaren heriotza "oso larria" dela esan dute eta legez besteko proposamen bat aurkeztuko dutela iragarri dute berehala auzi hau hausnartzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea