Gizartea -
Gertakaria
Getariako bi eraikin jendez hustu dituzte, luizi baten ondorioz
Iribarren kaleko hamabi familiak etxetik kanpo pasatu behar izan dute gaua. Teknikariek gaur aztertuko dute mendixka, luizi gehiago izateko arriskua ote dagoen jakiteko.
Erredakzioa
Eguna argitzearekin batera, Getariako udal-teknikariek bart luizia izan den Iribarren kaleko mendixkaren egoera aztertuko dute; atzo, luizi baten ondorioz, bi eraikin jendez hustu ondoren. 12 familiak etxetik kanpo igaro behar izan dute gaua.
Bart gaueko hamarrak aldera mugitu zen lurra Iribarren kalean. Bi etxetako, hau da, bederatzi eta hamaikagarren zenbakietako, oinarriak mendi magalari itsatsita daude eta etxeetatik hiru metrora den babes hesia eta lurra behera etorri dira.
Kalearen behealdean den Viveros San Anton enpresak kalte arinak izan ditu atzealdean. Luizia izan ondoren alkateak eta suhiltzaileek bi etxebizitzak hustea erabaki zuten. Ondorioz, hamabi familiak gaua etxetik kanpo pasayi behar izan dute. Gehienek senitartekoen etxeetan igaro dute gaua, baina batzuek alkateak eskainitako hotelera jo dute.
Udal-teknikariek gaur aztertuko dute mendixka, luizi gehiago izateko arriskurik ote dagoen eta etxebizitzetako kaltea zenbaterainokoa den jakiteko.