Gizartea -
Noos auzia
Palmako Auzitegia: 'Infantaren parte-hartzearen zantzurik ez dago'
Iñaki Urdangarinen emazteak "bere senarrak eta Diego Torresek ustez antolatutako plan kriminalean parte hartu zuela esateko zantzu argirik" ez dagoela argudiatu du epaitegiak.
Erredakzioa
Palmako Auzitegiak bertan behera utzi du Cristina infanta 'Noos auzia'n inputatzeko erabakia, Fiskaltzak Jose Castro epailearen erabakiaren kontra jarritako helegitea partzialki onartuta.
Iñaki Urdangarinen emazteak "bere senarrak eta haren bazkideak, Diego Torresek, ustez antolatutako plan kriminalean parte hartu zuela esateko zantzu argirik" ez dagoela erabaki du Palmako Auzitegiak.
61 orrialdeko ebazpen batean, infantak Noos Institutuan bokal gisa izandako jokabidea "gaitzespen penalik" merezi ez duela erabaki du Auzitegiak; izan ere, "Administrazioari iruzur egiteko" sareari lagundu ez ziola ematen du, entitateak eta Valentziako eta Balear Uharteetako gobernuek sinatutako hitzarmenetan azaltzen denez.
Diego Gomez-Reino magistratuak zuzendutako auzitegiaren arabera, Juan Carlos erregearen alaba eta infanten idazkari pertsonala Noosen liburuxka batean zuzendaritza batzordeko kide gisa azaltzeak "garrantzia penalik" ez du.
Gaur idatzitako autoan, 44 orrikoa, Juan Jimenez epailearen boto partikularra jasotzen da, hau da, Cristina infanta inputatzearen aldeko botoa eman du, ikerketan jasotako datuen arabera Iñaki Urdangarinek eta Diego Torresek ustez egindako delituetan konplize lana egin zuela iritzita.
Epaimahaiak autoan 'Noos auzi'ko ustezko delituetan izandako balizko parte hartzearen inguruko zitazioa baliogabetzeaz gain, "Ogasun Publikoaren aurkako balizko inputazioa ere bertan behera utzi du", informazio gehiago beharrezkoa dela azpimarratuz.
Salak hauxe eskatu dio Castro epaileari, Zerga Agentziari delitu fiskalaren inputazioa eragin zuen txostenaren "inguruko zalantzak" argitzea eskatzeko, auziko aldeak deitzeko, delitu fiskalagatik ezarritako inputazioak mantendu ala ez erabakitzeko eta "hala infanta inputatu gisa deitzea edo ez erabakitzeko".
Horrez gain, Diego Torresen defentsari auzian erabiliko dituzten mezu elektronikoak eskatzeko deia ere egin diote epaileari. Agiri horiek "epe zehatz eta atzeraezin" batean aurkeztu beharko ditu Torresek onartuak izan daitezen.
Castro epaileak bere autoan adierazi zuenez, Cristina Infanta pieza honen instrukzioa amaitu baino lehen inputatzea erabaki zuen, hori egin ezean, kausa honetan duen ustezko inplikazioaren inguruko "zalantza betikotu" egingo zelako bestela. Hori gertatuz gero, horren ustez, "behar ez bezala itxiko litzateke, Justizia guztiontzat dela berdina esaten duen esakunearen kalterako, eta epaitegi eta auzitegien eguneroko jardunean jokatzen ez den bezala jokatuta, oso litekeena baita antzeko kasuetan tramite hori albo batean ez uztea".