Gizartea -
Maiatzaren 18an
Dena prest, San Mames inguruko Bilboko sarbide berria irekitzeko
Lau urte eta erdiko lanak izan dira, eta inbertsioa, berriz, 125 milioi eurokoa. Sarrera berriak maiatzaren 18an irekiko dituzte, goizean goiz, Sabino Aranako biaduktua itxi eta berehala.
Erredakzioa
Bilboko sarbide berrian prest da dena. Lau urte eta erdiko lanen ostean, Bizkaiko Foru Aldundiak amaitu egin du Bilbora San Mamesetik sartzeko sarbide berrien birmoldaketa. Guztira, 215 milioi euro behar izan dira azpiegitura bukatzeko.
Hala, Bizkaiko hiriburuko sarrera berria maiatzaren 18an, larunbata, hasiko da zerbitzu ematen, goizean goiz. Sabino Aranako biaduktua behin betiko itxi eta ordu gutxira, alegia.
Aldundiak azpimarratu duenez, bide berrietan ezarritako seinaleek Bilbora sartzeko berme tekniko eta argibide guztiak emango dizkiete A-8 autobidea erabiliko duten gidari guztiei, bai Donostiara edo baita Kantabriara bidean, zein Kadaguako korridorerantz doan saihesbidea erabilita ere.
Asteazken honetan, komunikabideek bisita egin dute Bilborako sarbide berrian, eta, bertan izan dira, baita ere, Itziar Garamendi Bizkaiko Foru Aldundiko Herrilan eta Garraio diputatua eta Asier Abaunza Bilboko Udaleko Zirkulazio eta Garraio zinegotzia.
Bi erakundeetako ordezkariek azpimarratu dutenez, Bilborako sarbideak birmoldatzeak erronka handiak plazaratu ditu bai teknikoki, baita giza baliabideei dagokionez ere. Gainera, lanek iraun bitartean zirkulazioa mantendu egin behar izan dute, eta horrek are zailagoa egin du prozesu guztia, arduradunek azaldu dutenez.
Azpiegitura, zenbakitan
Behin betiko azpiegitura 110 metro eta 340 metro arteko luzera duten lau tunel faltsuk, 57 eta 323 metro arteko luzera duten lau biaduktuk eta Altamira azpian zulatutako 351 metroko tunelak osatuko dute.
Lanek iraun bitartean, lur, arroka eta bestelako material ugari atera dituzte (730.000 metro kubiko guztira). Gainera, 13.500.000 kilogramo altzairu, 100.000 metro kubiko hormigoi, 50.000 tona aglomeratu, 75.000 metro lineal mikropilote, 13.000 metro lineal pilote eta 35.000 metro kubiko hartxintxar/zementu erabili dituzte.
215 milioi euroko aurrekontutik 156 milioi obra zibilari dagozkio eta gainerakoa tunelei loturiko instalazioetara, laguntza teknikora, desjabetzetara eta bestelako zerbitzuetara bideratu dituzte.
Lehen ibilgailuak
Maiatzaren 18an lehen orduan kenduko dira egun sarbideak eta bidegurutzeak blokeatzen dituzten konoak eta hesiak, eta une horretatik aurrera, Bilboko hego-mendebaldetik hiriburura sartzen edo bertatik irteten diren ibilgailu guztiak errepide berritik igaroko dira. Sarbide berria behin betiko irekitzearekin batera, duela lau hamarkada eraiki zen Sabino Aranako biaduktua itxi egingo dute.