Gizartea -
Polizia operazioa
21 lagun inputatu dituzte, Marokon haurrak erostea egotzita
Inputatuetako batzuk hilda daude dagoeneko, eta hainbat delitu egotzi dizkiete: haurren aitatasuna aldatzea, haurrak legez kanpo atxilo edukitzea eta dokumentu publikoak faltsutzea.
Erredakzioa
Marokon haurrak erosi eta Espainian saltzen zituen sare bat desegin du Guardia Zibilak. 'Ezkutuan' operazioan 31 lagun nahasi dituzte, baina horietatik 12 hilda daude dagoeneko. Poliziak jakinarazi duenez, gutxienez 28 haur erosi zituzten Marokon.
Prentsaurrekoa eskaini dute gaur, polizia operazioaren gaineko xehetasunak emateko. Arturo Ortega Guardia Zibileko komandanteak azaldu duenez, lapurtutako 14 haur identifikatzea lortu dute, eta horietako batzuek ez zekiten adoptatuak zirenik ere.
Sarearen ustezko buruak Marokoko Tetuan hirian jaiotako hiru ahizpa ziren. Antza denez, horietako bi Melillan bizi ziren, eta haurrak eduki ezin zituzten bikoteak aurkitzeaz arduratzen ziren. Hirugarrenak, berriz, haurdun zeuden emakumeak aurkitzen zituen Marokon. Hiru ahizpetako bat aurkitu du Poliziak, beste bat hilda dago, eta hirugarrenaren bila ari dira orain.
Anadir elkarteak salaketa aurkeztu zuen Espainiako Fiskaltzaren aurrean, Valentziako Erkidegoan bi haur lapurtu aurkitu ondoren. Haurren salerosketa sare horrek 70eko eta 80ko hamarkadan jardun zuen.
Ikerketak "sekulako zalaparta" sortu du, Poliziaren esanetan, biktima askok ez baitzekiten adoptatuak zirenik ere.