Gizartea -
Gizon-emakumeen kolonia
Marteko abenturan parte hartzeko izena eman dute 11 espainolek
'Mars One' proiektuan parte hartzeko izena eman dute 11 espainolek. Marten gizon-emakumeen kolonia sortu nahi du egitasmoak. 78.000 pertsona baino gehiagok izena eman dute.
Erredakzioa
'Mars One' proiektuan parte hartzeko izena eman dute 11 espainolek. Marten gizon-emakumeen kolonia sortu nahi du egitasmoak. Izena emateko epea duela bi aste zabaldu zuten. 19-48 urte arteko zortzi gizon eta hiru emakume dira.
Aurreneko bi asteetan 120 herrialdetako 78.000 pertsona baino gehiagok izena eman dute, 'Mars One' enpresak jakitera eman duenez. Hautagai gehienak AEBetakoak dira (17.324), ondoren Txina (10.241), Erresuma Batua (3.581), Errusia, Brasil, Kanada, Kolonbia, Argentina eta India.
'Mars One'k azaldu duenez, hautagaien artean 24 pertsona aukeratu dituzte espaziora bidaia egiteko, baina aldez aurretik proba gogorrak gainditu beharko dituzte.
Datozen hamar urteetan bizitzeko egokia eta jasangarria izango den kolonia eraikitzeko konpromisoa hartu du konpainiak. Bi urterik behin astronauta berriak hartuko dituela agindu du 'Mars One'k. Proiektua aurrera ateratzeko "existitzen diren teknologiak" erabiliko dituztela azaldu du.
Ekimen bideragarria dela erantsi dute proiektuaren antolatzaileek. Marteko kolonia eguzki-panelekin elikatuko dutela azaldu du, garraiatzen errazak direlako. Energia iturri bezala erabiltzeko 3.000 metro karratuko esparru bat sortu nahi dute.