Gizartea -

'Hogeita abar urte' lelopean

Festa eta aldarrikapen eguna Senperen, Iparraldeko ikastolen alde

Duela 30 urte Kanboko Xalbador eraikitzeko abiatu zuten Herri Urrats proiektua, eta aurten ikastetxe hori zaharberritzeko baliatuko dute bildutako dirua.

Senpereko lakuan egingo dute, urtero bezala, Iparraldeko ikastolen aldeko jaia. Argazkia: EiTB
Senpereko lakuan egingo dute, urtero bezala, Iparraldeko ikastolen aldeko jaia.
Herri Urratsek milaka lagun bildu ditu Senperen

1:29

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Senpereko lakuaren bueltan milaka euskaltzale elkartu da gaur, Herri Urrats Iparraldeko ikastolen aldeko eguna ospatzeko. "Hogei ta abar urte" izan da Seaskak aurtengo festarako aukeratutako leloa.

Festa eguna, baina aldarrikapen eguna ere bai, "Suprefetak Iparraldetik eta Carlos Urquijo Espainiak Euskadin duen Gobernu ordezkariak hegoaldetik, bestela ere ekonomikoki itota dauden ikastolei azkenaldian egin dizkieten erasoak" direla eta.

Ildo horretan, Iparraldeko ikastolen irakaskuntza proiektua laguntzen jarraitzeko beharra eta konpromisoa eskatu dute.

80ko hamarkadatik hona egin duten bezala, aurrerantzean ere Seaskari diru laguntzak ematen jarraituko du Eusko Jaurlaritzak Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak esan duenez.

Jaurlaritzako ordezkaritza

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturarako sailburua Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikorako sailburuordearekin batera izan da Senperen. Euskera sustatzeko eta erabiltzeko, Seaskako ikastolen eta hezkuntzaren garrantzia azpimarratu du sailburuak jaialdiaren irekiera-ekitaldian.

"Asmo handi horren funtsezko partea da Seaska, eta hori dela eta, urtez Seaskaren alboan izan gara, eta horri eutsiko diogu, ahal dugun heinean haren lana errazteko. Eusko Jaurlaritzaren izenean, Seaskaren lana txalotzeko aukera eskaini dit jaialdi honek. Euskarak beti izango gaitu ondoan, nahiz hegoaldean naiz iparraldean ere", adierazi du sailburuak.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak euskararekin duen konpromisoa "tinkoa eta sakona" dela gaineratu du.

Itxaropenez hartu ditu Uriarteren hitzak Paxkal Indo Seaskaren lehendakariak. Izan ere, kritika gogorra egin dio aurreko Jaurlaritzari, Patxi Lopezi hain zuzen, "ez zuen hitza bete", salatuz.

Frantxua Maitia Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakariarentzat estrategikoa da ikastolek euskararen garapenerako egiten duten lana. Horregatik, dei egin die Iparraldeko hautetsiei euskarazko irakaskuntza babestu dezaten.

Etorkizuneko erronkak

Eskolak txiki geratzen ari zaizkie eta urtez urte geroz eta gehiago dira ikastoletan izena ematen duten haurrak; Biarritzen lizeo berria egitea izango da Seaskaren hurrengo erronketako bat.

Duela 30 urte Kanboko Xalbador eraikitzeko abiatu zuten Herri Urrats proiektua, eta aurten ikastetxe hori zaharberritzeko baliatuko dute bildutako dirua.

Goizetik hasi eta iluntzera bitartean, besteak beste, umeentzako jolasak, bertsolariak, erakusketak zein kontzertuak egon dira Senperen.

Aurtengo egitarauan bi berritasun egon dira. Alde batetik, haurren txokoak bi gune ezberdinetan egon direla, eta, bestalde, hondartza ere gune bilakatu dela: Euskal Herriko probintzia guztietako dantzariak izan dira bertan ikusgai.

Musikari dagokionez, hainbat kontzertuz gozatu ahal izan da. Lapurdi gunean adibidez, Agustin Alkat, Amaren Alabak, Rhapsoldya eta Eloumba aritu dira. Araba gunean, berriz, The Sparteensen, Xutiken eta Niko Etxarten musika entzun ahal izan da. Bukatzeko, Nafarroa gunean Anai Arrebak taldea izan da protagonista nagusia.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea argazkiak