Gizartea -

Zabor-bilketa

Ormaiztegi, 'atez atekoa' edukiontzien sistemarekin ordezkatzeko prest

Bilduk eta Orbel plataformak osatzen duten udal-gobernuak azaldu duenez, sistema berriak % 73ko birziklapen maila lortu beharko du eta derrigorrezkoa izango da gaikako bilketa.

Edukiontziak. Argazkia: EiTB
Edukiontziak.
Edukiontziak. Argazkia: EiTB

Manu Gimenez

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Udala atez ateko zabor-bilketa sistema ordezkatzeko eta "gaikako bilketa derrigorrezkoa izango den edukiontzien sistema" jartzeko prest agertu da, Udalak jakitera eman duenez.

Hori horrela, Bilduk eta Orbel plataformak osatzen duten udal-gobernuak bilera baterako deia egin die herritarrei maiatzaren 15erako, 19:00etan Kultur-Etxean, hondakinen kudeaketaz eztabaidatzeko.

"Zabor-bilketaren inguruan sortu den zatiketa gainditzeko" asmoz hartu dute ekainean ezarri behar zuten sistema ordezkatzeko erabakia. Hala ere, argi adierazi nahi izan dute aurrerantzean "herritar bakoitzak hondakinak gaika sailkatu" beharko dituela; izan ere, "hondakin guztiak nahasita eta sailkatu gabe botatzeko garaia atzean geratu da".

Horren harira, helburua ez omen da "bilketa sistema jakin bat (atez atekoa) ezartzea, egungo birziklapen tasa baino handiagoa lortzea baizik; hau da, Ormaiztegin birziklapen tasa % 70-80ra iristea da helburua".

Udalak ez du argitu proposatuko duen sistema bosgarren edukiontziarena, txiparekin edo gabe, izango den, baina gutxienez % 73 birziklatzea eta gaikako bilketa "derrigorrezkoa" izatea bermatu beharko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Gizartea albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Ekologia gaur Hondakinen berrerabilpena Goierri