Gizartea -
Eguraldiaren iragarpena
Euria eta hotza, aste osorako
Bihartik aurrera, tenperaturak behera egingo du, eta, horrekin batera, euri-zaparradak bueltatuko dira gurera.
Erredakzioa
Gaur arratsalderako eguraldia okertuz joango da; pixkanaka, hodeiak ugarituz joango dira, eta, azken orduetarako, zerua lainotuta geldituko da. Gainera, arratsaldean euri-zaparradak botatzeko probabilitatea egongo da, eta trumoi ekaitzak jo dezake.
Asteazkenean, fronte bat helduko da gurera, eta, ondorioz, tenperatura asko jaitsiko da. Frontea goizeko lehen orduetan helduko zaigu, eta goizaldean euria izango dugu. Orduak aurrera joan ahala, euri-jasak murriztuko dira. Tenperatura maximoa 11 eta 13 gradu artean kokatuko da. Gainera, ipar-mendebaldeko haizeak gogor joko du.
Ostegunean, giroa hotza izango da, eta euri-zaparradak botako ditu. Giro ezegonkorra izango dugu. Haizea ipar-mendebaldekoa izango da, eta tenperaturak ez du aldaketarik nabarituko.