Gizartea -
Ekitaldi instituzionala
Emakunde: 25 urte emakumeen eskubideen alde
Urteurrena ospatzeko ekitaldia egin dute Gasteizen. Bilboko modulu psikosozialek Berdintasunaren Emakunde saria jaso dute bertan.
Erredakzioa
Emakundek 25 urte bete ditu. Emakumeen Euskal Erakundearen 25. urteurrena ospatzeko, ekitaldia egin dute astearte honetan Lehendakaritzan, Gasteizen, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela. Bertan, berdintasunaren esparruan 25 urte hauetan lortutakoa gogora ekarri dute.
Ekitaldian, besteak beste, Emakundeko zuzendari guztiak izan dira; bai Izaskun Landaida egungo zuzendaria eta bai aurretik erakundearen buru izan direnak. 1988an jaio zen Emakumeen Euskal Erakundea, berdintasun politikak diseinatu eta bultzatzeko asmoz, erakundeen apustu gisa.
Urkulluren hitzetan, ''gizarte abangoardian'' dagoen erakundea da Emakunde, eta berdintasunaren esparruan lortutako arrakastetan Jaurlaritzak atzera egingo ez duela ziurtatu du lehendakariak ekitaldian zehar eskaini duen hitzaldian. Berdintasuna, edonola ere, oraindik lortzeke dagoen helburua dela gogoratu du.
''Pausoz pauso''
Gizarteri ''pausoz pauso eta mailaz maila'' gorantz egiten laguntzen dion eskailerarekin parekatu du Urkulluk berdintasuna. Oraindik gizonezkoen eta emakumezkoen arteko erabateko berdintasuna egon ez dagoela azpimarratu du lehendakariak, baina Emakunderi esker berdintasun horrek gora egin duela gaineratu du.
Lehendakariaren hitzetan, ''Euskadi berdintasunaren aldekoagoa eta sentiberagoa da orain''.
Berdintasunaren Emakunde saria
Ekitaldi horretan, gainera, Berdintasunaren Emakunde saria jaso dute Bilboko modulu psikosozialek. 30 urte baino gehiago daramatzate lanean, eta Bizkaiko hiriburuko hiru auzotan emakumeei laguntza ginekologikoa, psikologikoa eta juridikoa eskaintzen diete.
70eko hamarkada amaieran sortu ziren, Errekalde, Irala eta San Inazioko auzo-elkarteak elkartu ondoren, eta, urte hauetan, 100.000 lagunetik gora artatu dituzte.