Gizartea -
Donostia
Entrenatzailea zigortu dute, lau haurri sexu-gehiegikeriak egiteagatik
Zortzi urteko kartzela-zigorra jarri dioten, entrenatzen zuen infantil mailako futbol taldeko lau adingaberi, masajea ematen zien bitartean, ukimenduak egiteagatik.
Erredakzioa
Zortzi urteko kartzela-zigorra jarri diote Gipuzkoako infantil mailako futbol talde baten entrenatzaileari 12 urteko lau mutikori, masajea ematen zien bitartean, ukimenduak egiteagatik.
Ebazpenean agertzen denez, 2009-2010 denboraldian gertatu zen dena. Orduan 58 urte zituen gizonak sexu-gehiegikeriak egin zizkien haurrei bai taldearen kirol instalakuntzetan bai txapelketa bat jokatzera kanpora joan zirenean.
Gipuzkoako Auzitegian egin zuten kasu honen epaiketa, ateak itxita, eta akusatuaren defentsak absoluzioa eskatu zuen, bere "kezka bakarra futbolarien osasuna" zela argudiatuta. Horregatik eman omen zituen masajeak, "lizunkeriarik gabe" eta "batzuei bakarrik ukitu zien izterrondoa eta perineoa".
Auzitegiaren arabera, lau haurren testigantzek "indartu" egiten dute akusazioa; izan ere, "ez da kasu isolatua, ez da hankasartze batengatik behar zuen leku bat ukitu zuela".
"Lau bertsio zehatz dira, xehetasun guztiekin, eta ez da ageri gezur zantzurik", gaineratu dute.