Gizartea -
Noos auzia
Urdangarinen eta Torresen fidantzari BEZa kendu dio Palmako Auzitegiak
Horrela, bi inputatu nagusiek bermearen aurka planteatutako helegiteak partzialki onartu ditu Palmako Auzitegiak, eta Jose Castro epailearen autoa partzialki atzera bota du.
Erredakzioa
Iñaki Urdangarin eta haren bazkideari, Diego Torresi, 8.189.448,44 euroko findatza berretsi die gaur Palmako Auzitegiak, baina euren helegiteak partzialki onartu eta BEZa kendu die Noos auziko epaileak ezarritako bermeei.
Horrela, auziko bi inputatu nagusiek bermearen aurka planteatutako helegiteak partzialki onartu ditu Palmako Auzitegiak, eta Jose Castro epailearen autoa partzialki atzera bota du. Castro magistratuak Urdangarinen eta Torresen fidantza baieztatu zuen.
Noos Institutuak eta Noos Aholkularitzak sinatutako kontratuen prezioak eta prestazio ekonomikoak kontuan hartuta ezarri zen bermea, baina "BEZa kendu" behar zaiola erabaki du Auzitegiak, Balear Uharteetako Justizia Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez.
Noosek etekina atera zuen kontratuetako BEZa kendu behar dela erabaki du Auzitegiak, Diego Torresen abokatuek eskatu bezala. Hala ere, PFEZa ez itzultzea erabaki du, fakturetan ez zelako zerga hori atxiki.
Torresen eta Urdangarinen abokatuek aurkeztutako gainerako alegazio guztiak ez ditu onartu epaitegiak.