Gizartea -
Sabino Arana itxi ostean
Pilaketak nagusi, Bilboko San Mamesko sarbide berrien lehen egunean
Eguerdi aldera jada lehen auto-pilaketak gertatu dira Bilbora sartzeko tarte berrian.
Erredakzioa
Bilbok San Mamesko sarrera eta irteera berriak inauguratu ditu larunbat goizalde honetan, 05:00ak aldera. Errepide tarte horiek inauguratu eta lehen orduetan, ez da aparteko jazoerarik izan. Hala ere, 12:00ak aldera hainbat auto-pilaketa izan dira eta eguerdian egoera normaltasunera itzuli den arren, arratsaldean berriro ilarak izan dira nagusi.
Sarrera eta irteera berriek 8 kilometroko luzera dute, eta tunelen bidez igaroko dira, gehienbat. Obrek lau urte eta erdi iraun dute eta Bizkaiko Foru Aldundiak 215 milioi euro jarri ditu.
Bilbon sartzeko eta bertatik ateratzeko tarte berriek AP-8/A-8ko errepideen zirkulazioa hartuko du, Gipuzkoa eta Kantabria jatorria eta helmuga duten ibilgailuak, hain zuzen ere.
Sabino Aranaren itxiera
San Mamesko sarrera berrien irekierarekin batera, Sabino Aranako zubibidea itxi dute ostiral gau honetan, 38 urtez zabalik egon ostean. Halaber, ostegunean A-8tik Bilbon sartzeko Juan de Garay kaleko sarbidea ireki zuten (10 urtez itxita egon eta gero).
Bizkaiko hiriburuan sartzeko tarte hori zabaltzea erabaki zuten Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Sabino Aranako zubibidearekin alderatuta, ibilgailu kopuru murritzagoa hartzeko gaitasuna izango du San Mamesko sarbideak.
Guztira, Bilbora sartzeko eta Bilbotik irteteko bederatzi gune daude, horietatik 7 edukiera handikoa izanda: 4, iparraldean, eta 3 hegoaldean.
Segurtasun neurriak
Sarbidea zortzi kilometro luze da, eta lau tunel faltsu (110x340 metrokoak), lau zubibide (57x323 metro) eta tunel bat (351 metro) ditu. Bizkaiko Foru Aldundiak segurtasun neurri modernoak eta handiak jarri ditu sarbide berrietan: suteen aurkako lainoztatuko ur-sistema, besteak beste.
Halaber, sarbide berrian 71 bideo-kamera, 51 haizagailu, laguntza eskatzeko 32 SOS telefono, 78 suteetako ur-hargune hornitu, mezuak helarazteko 11 panel, 1.000 argi-proiektore, besteak beste, jarri dituzte.
Malmasin Tunelen Kudeaketa-Zentroak kamerek hartutako irudiak jasoko ditu. Halaber, istripu larriren bat egotekoten, horiek ixteko barrerak ere izango dira prest.
San Mamesko sarbide berriaren irekiera operatiboa jarraitzeko taldea eratu dute, eta asteburu osoan Udaletxeko trafiko gelan bilduta egongo dira sor litezkeen arazoak ahalik eta azkarren bideratzeko.
San Mamesko sarbidea. Infografia: Bilboko Udala
Bederatzi sarrera-irteera. Infografia: Bilboko Udala
Manifestazioa
Halaber, Errekaldeko Auzokideen Elkarteak manifestazioa egin du, "Zorionak Basurto. Autopista kanpora. Errekalde 2016" lelopean, auzotik igarotzen den AP-8ko zubibidea suntsitzeko eskatzeko eta erakunde publikoek emandako hitza betetzeko.