Gizartea -
Gipuzkoan
Hainbat bide itxi dituzte Donostian euriteengatik eta luiziengatik
Bi etxebizitza hustu dituzte Pasaian luizi baten ondorioz, baina dagoeneko euren etxeetara itzuli dira.
Erredakzioa
Azken orduetan Gipuzkoan izandako euriteek luiziak eragin dituzte bigarren mailako hainbat errepidetan eta Donostian hainbat bide itxi behar izan dituzte.
Donostiako Udalak Arriola eta Mundaiz pasealekuak itxi ditu, eta Urgullekoa ere ez dute ireki "badaezpada"; izan ere, luizi txiki batzuk egon dira.
Ohar batean Udalak jakitera eman duenez, Arriola pasealekuaren amaieran zuhaitz bat erori da eta mendi-mazela ezegonkorra da, ondorioz, itxita dago.
Donostian larrialdietarako taldeak prest dituzte, baina Udalak jakinarazi duenez, "egoera hobera doaz". Hala ere, udal zerbitzuek zaintza mantentzen dute Urumea ibaian, Martutene parean, bertan uholdeak izan ohi direlako. Momentuz, normaltasuna da nagusi, ur-maila 2,7 metro azpimatik dagoelako.
Gauean eta goizeko lehen orduetan suhiltzaileak eta udaltzainak hainbatetan atera dira errepideetako ur putzuengatik, zuhaitzen erorketengatik eta luiziengatik.
Luizi handiena Pasaian egon da. Arraindegi kaleko 26 eta 28 zenbakiko etxebizitzak hustu behar izan dituzte, euriteek eragindako luizi baten ondorioz, Segurtasun Sailak aditzera eman duenez. Hala ere, dagoeneko euren etxeetara itzuli dira.
Gipuzkoako bigarren mailako errepideetan ere hainbat luizi izan dira, baina ez da istripu larririk izan, Segurtasun sailak jakitera eman duenez. Gipuzkoan alerta laranja ezarri dute gaurko, metro karratu bakoitzeko 80 litro ur pilatu daitezkeelako.