Gizartea -
Bilbo
Arazo handirik ez San Mamesko sarbidean, lehen lanegunean
Ez da auto ilara luzerik sortu, eta Bilboko Udala pozik agertu da emaitzarekin.
David Perez | eitb.com
A-8 autobideak Bilbon, San Mames parean, duen sarbide berriak gainditu egin du azterketa, zirkulazio gehieneko orduak arazo barik pasatu baitira ireki zutenetik funtzionatu duen lehen lanegunean.
Azpiegitura ireki zuten egunean, larunbatean, auto ilara luzeak sortu zirela ikusita, gaurko eguna kaotikoa izango zela zirudien, baina azkenean ez da itogune handirik egon. Hiri handi baten sarbidean joan-etorri gehieneko orduetan espero zitekeen zirkulazio motela baino ez da ikusi.
"Normaltasuna da nagusi: gidariek ondo ikasi dituzte ibilbide guztiak", adierazi du Asier Abaunza Bilboko Udaleko Zirkulazio eta Garraio zinegotziak, Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean.
Gaur gertatutakoa oinarri hartuta, epe laburrean gune gatazkatsuena Zunzunegi etorbidea izan litekeela ondoriozta daiteke. Izan ere, buruko min handienak hor sortu dira gaur goizean, gidariek hainbat norabide hartzearen edo noranzkoa aldatzearen artean hautatu behar baitute. Udala seinaleak eta semaforoen maiztasunak aldatzen ari da jada, zirkulazioa hobetzeko.
Udaltzaingoak operazio zabala egin du San Mamesko inguruetan, eta, horrela, gidariek bide berrietan hanka sartzea galarazi dute.
Luis Briñas kaleko auzokideek ibilgailu-martxa motel bat deituta zuten 09:00etarako, pilaketak sortu eta, horrela, sarbide berrien aurka protesta egiteko, baina azkenean, egin badute, ez da zirkulazioan nabaritu.
Hori bai, hainbat pankarta kokatu dituzte berriz, asteburuan bezala, sarbide berrien ondorioz "arazo handiak" pairatuko dituztela salatzeko.
Bentazarra tuneleko ur sistema martxan jarri da
Bentazarra tuneleko ur sistema martxan jarri da 16:00ak aldera. Sarbide berritik pasatu diren ibilgailu batzuk baino ez ditu busti, Bizkaiko Foru Aldunditik jakinarazi dutenez.
Antza denez, sistemak gertakari bat atzeman du eta martxan jarri da. Bost minutu izan da ura botatzen.
Akats informatiko batek jarri du martxan sistema, Kantabriarako noranzkoan. Istripu bat eragin du eta tunela itxi behar izan dute. Bi kilometroko auto-ilarak izan dira.
Aldundiko eta Ertzaintzako iturriek azaldu dutenez, auto batek bat-batean balaztatu du eta atzetik zetorren beste ibilgailu batek talka egin du.
Ez da zauriturik izan, baina istripuaren ondorioz errepidea bost minutuz itxi behar izan dute eta auto-ilarak izan dira Kantabriarako noranzkoan.
San Mamesko eta Juan Garai kaleko sarbideak ireki eta Sabino Arana kaleko zubibidea itxiz, zirkulazio bideen inoizko erreforma handiena egin dute Bilbon.
Orain arte, ibilgailu gehienak Sabino Aranatik sartu izan dira (90.000, egunean), baina orain gidariek bederatzi sarreraren artean hautatu beharko dute, San Mamesko sarbideak lehengoak hartzen zituen ibilgailuen erdiak baino ezin dituelako hartu (50.000, orotara).
A-8 autobideak San Mames parean duen sarbidea. Infografia: Bilboko Udala
Bilbok San Mamesen duen irteera. Infografia: Bilboko Udala
Bilboko sarrera eta irteera guztiak. Infografia: Bilboko Udala