Gizartea -
Turistak
Hiru emakume iruindar zauritu dira Turkian, globo-istripu batean
Bi globok elkar jo dute eta Brasilgo hiru turista hil dira. Guztira, 22 pertsona zauritu dira.
Erredakzioa
73, 64 eta 35 urteko hiru emakume iruindar zauritu dira astelehen honetan Turkian, bi globo aerostatikok istripua izan ostean. Brasilgo hiru turista hil egin dira, eta, guztira, 22 pertsona daude zaurituta, bertako agintariek jakitera eman dutenez. Espainiako Estaukoak, Portugalekoak eta Latinoamerikako zenbait herrialdetakoak omen dira zaurituak.
Iruñeko hiru emakumeen kasuan, zaharrena, 73 urtekoa, zauritu da larrien, eta bi hanketan egin diote ebakuntza. Hala ere, bere bizitza ez dago arriskuan.
Kapadozia eskualdean izan da ezbeharra. Antza, bi globok elkar jo dute, lurretik 300 metrora zeudela, eta horietako batek beherantz jo du.
Lurretik 50 bat metrora zeudela, gidariak lortu du globoa nolabait mendean hartzea, baina handik behera erori egin da.
Rahim Unlu Nevsehirreko Osasun Publikoaren zuzendariak jakitera eman duenez, globoan Espainiako Estatuko hamar herritar, hamar brasildar, hiru argentinar, Puerto Ricoko bat eta pilotua zihoazen.
Hasiera batean, zaurituetako 19 Nevsehirreko hiru ospitaletara eraman dituzte, eta beste lau Kayseriko klinika batera, 50 kilometro ingurura.
Zauritu guztiek (ia denak 60 urtetik gorakoak) hezur hausturak izan dituzte, eta bik bizkarrezurra hautsi dute.
Capadocia eskualdean 20 enpresa baino gehiagok eskaintzen dute txangoa globoan egiteko aukera, eta 50-150 euro inguruko kostua du turistentzat.