Gizartea -
Gertakizuna
Sexu-erasoa egin diote hezitzaile sozial bati, Bilbon
Gizonezkoak arma zuri batekin ere eraso dio, eta, ondoren, beste pertsona bat sastatu du. Caritas Bizkaiak deitoratu egin du gertatutakoa. Caritasen arabera, erasotzaileak buruko gaitzen bat du.
Erredakzioa
Ertzaintzak 44 urteko gizon bat atxilotu du Bilbon, emakume bati sexu erasoa egitea egotzita. Gizonezkoak labana batekin ere egin dio eraso, eta, ondoren, beste pertsona bat sastatu du. Caritasen arabera, erasotzaileak buruko gaitzen bat du.
Antza denez, hezitzaileak harrera etxe bat utzi behar zuela esan dio gizonezkoari, elkartearen arauak hausteagatik, eta horrek erantzun bortitza izan du.
Caritas Bizkaiak (hezitzaile sozialak elkarte horretan egiten zuen lan) "deitoratu" egin ditu erasoak: "Caritasek, azkenaldian, urtean 13.000 laguni baino gehiagori eskaintzen dihardu arreta eta laguntza Bizkaian, gizarte bazterketa jasaten duten edo jasateko arriskua duten pertsonei; erakundearen 60 urteko historian, lehenengo aldiz gertatu da horrelako eraso bat eta azkena izatea nahi dugu".
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, bortxaketa ostegun honetan jazo da, 16:30ean, Deustun. Ordu horretan, atxilotutakoak sexu erasoa egin dio emakumezkoari, eraikin batean, eta ebakiak egin dizkio. Ondorioz, biktimak zauri larriak ditu behatz batean.
16:45ean, gizonezkoa beste eraikin batera joan da, eta bertan ere zauriak egin dizkio beste gizon bati.
Ertzaintzak La Salle ikastetxearen aparkalekuan atzeman du zauritutako gizona. Inguruetan ustezko erasotzailea ere zegoen, eta, agenteak ikustean, arma lurrean utzi du.
Bi biktimak ospitalera eraman dituzte, eta ebakuntza egin behar izan diete bertan.