Gizartea -
Euskadiren eguna
Urriaren 25a jaieguna izango da aurrerantzean ere EAEn
PPk proposatu zuen egun hori jaiegun izendatzea, eta PSE-EE eta UPyD alderdiek babestu zuten ekimena.
Erredakzioa
Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak jakinarazi duenez, EAJ ez da urriaren 25a (Euskadiren eguna) ospatzearen aldekoa, baina 2014an eztabaida zabaltzea baztertu du. Beraz, hurrengo urtean ere jaieguna izango da. Aburtoren iritziz, ez da egokia orain eztabaida hori irekitzea, "ez du gizartearen beharrekin bat egiten, eta alderdi politikoen arteko ezberdintasunak agerian jartzeko bakarrik balioko luke".
Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkideak interpelazioa aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean. Koalizio abertzalearen esanetan, urriaren 25ak ez luke aurrerantzean jaiegun izan behar "gutxiengoak ezarritako jaieguna delako".
PPk proposatu zuen urriaren 25a jaiegun izendatzea, eta PSE-EE eta UPyD alderdiek babestu zuten ekimena.
2010ean izendatu zuten urriaren 25a jaiegun, lege baten bitartez. Legebiltzarraren gehiengoaren babesari esker, aipaturiko lege hori aurrera atera zen, baina orduko Legebiltzarrean ez zeuden indar politiko guztiak ordezkatuta, Aburtoren arabera.
Horren arabera, jeltzaleak ez dira jaiegun hori ospatzearen aldekoak, egun horrek 1839an foruak indargabetu zituztela eta 1975eko Estatutuak bete gabe jarraitzen duela gogoratzen dielako.