Gizartea -

'Kea operazioa'

Tabako kontrabando sarea desegin dute Bizkaian

Merkatuan milioi bat euroko balioa izango lukeen adina tabako eta dirua atzeman ditu Ertzaintzak. Halaber, 11 lagun atxilotu dituzte.

Atzemandako tabakoa. Argazkia: Segurtasun Saila
Atzemandako tabakoa.
Ertzaintzak tabako kontrabando sare bat desegin du Durangon

1:11

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak tabako kontrabando sare bat desegin du berriki EAEn, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. "Kea operazioa"ren baitan, merkatuan milioi bat euroko balioa izango lukeen adina tabako eta dirua atzeman ditu Ertzaintzak. Halaber, 11 lagun atxilotu dituzte, eta horietatik 4 kartzelan sartu dituzte. Atxilotu guztiei kontrabandoan aritzea, talde kriminal bateko kide izatea eta dirua zuritzea egotzi diote.

Antza denez, sareak tabakotan 250.000 euro ekartzen zituen astero, Andorratik, ondoren Bizkaiko taberna eta denda txikietan saltzeko. Orotara, 81.000 tabako pakete (merkatuan 380.000 euroko balioa izango luketeena) eta 450.000 euro atzeman dituzte.

Bizkaiko hainbat tokitan jarduten zuen sareak, hala nola, Durangon, Santurtzin, Sestaon, Galdakaon eta Zornotzan. Andorran erositako tabakoa, EAEra eramaten zuten La Seu d´Urgell (Lleida) herritik barrena. Ondoren, autoz Bizkaira garraiatzen zuten merkantzia. Materiala Bizkaira heldutakoan, pisu, lonja, garaje edo dena delakoetan gordetzen zuten, ondoren taberna eta denda txikietan banatzeko.

Polizia operazioan hainbat miaketa egin zituzten, eta tabakoaz eta diruaz gain, sakelako telefonoak, USB memoriak, ordenagailuak eta dokumentazioa atzeman zituzten.

Halaber, atxilotuen kontu korronteak eta segurtasun kaxak blokeatu eta gama altuko autoak zituzten.

Atxilotuak 11 dira guztira: 10 gizonezko eta emakumezko bat, eta guztiak Bizkaian bizi dira, bi izan ezik.

Aurreko asteburuan epailearen esku utzi zituzten atxilotuak. Horietako lau kartzelara bidali zituen epaileak, eta gainerakoak aske utzi zituen, karguekin.

Ikerketa zabalik dago oraindik, eta litekeena da atxiloketa gehiago egotea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea