Gizartea -
Erasoa, hezitzaile bati
Bizkaiko Caritas:'Ez genekien erasotzaileak horrela joka zezakeenik'
Aurreko asteko gertakariaren ondotik, Caritasek jokabidea arautzen duen protokoloa aldatuko du.
Erredakzioa
Duela astebete gizarte hezitzaile batek Bilbon jasan zuen erasoaz argibideak eman nahi izan ditu Bizkaiko Caritasek. Arduradunek azaldu dutenez, ez omen zuten erasotzaileak horrela jokatzerik espero.
Ustez, 44 urteko gizonezko batek Caritaseko gizarte hezitzaile bati sexu erasoa egin zion maiatzaren 24an, eta, ondoren, beste pertsona bat sastatu zuen.
Bizkaiko Caritasek 2012ko memoriaren aurkezpena egin du gaur Bilbon. Aurreko asteko erasoaren harira, idatzi bat irakurtzeko eta jasotako elkartasun mezuak eskertzeko baliatu dute gaurko aurkezpena.
Bestalde, ezbeharraren gaineko xehetasunak eman dituzte. Caritasen arabera, erasoa gertatu baino bi egun lehenago, harrera etxea utzi behar zuela esan zion gizarte hezitzaileak gizonezkoari. Halaber, erasoaren unean gizarte hezitzailea ez omen zegoen bakarrik, eta, beraz, protokoloak dioena bete zuten.
Caritasen esanetan, erasotzaileak harrera etxean jarraitu behar zuen, bere beharretarako egokitutako zentroren batean tokia aurkitzen zuten arte. Bestalde, biktima gaztea izan arren, lana egiteko ongi prestatuta dagoela adierazi du Caritasek.
Harrera-etxeak 6 urte daramatza irekita Caritasen arabera. Erasoaren ondoren, bizilagunekin elkartu dira harrera-etxe horren funtzionamendua azaltzeko, eta datorren astean beste bilera bat egingo dute. Halaber, arduradunek eskerrak eman dizkiete bizilagunei beren babesagatik eta erakutsitako ulermenagatik.
Bestalde, aurreko asteko gertakariaren ondotik, Caritasek jokabidea arautzen duen protokoloa aldatuko du.