Gizartea -
Donostia
Gipuzkoako Auzitegiak ez du deliturik ikusi Uxotegiren okupazioan
Epailearen arabera, 'ez dira zigorgarriak utzitako edo hondatutako eraikinen okupazioak, ezta sozialki ageriko jaberik ez duten lur-eremuen okupazioa ere'.
Erredakzioa
Gipuzkoako Auzitegiak Uxotegi eraikinare auzia artxibatzea berretsi du. Kasuko epaileak ez du delitu zantzurik ikusi Donostiako eraikinaren okupazio prozesuan, ezta Josetxo Ibazetaren, Donostiako alkatearen idazkari ohiaren, jarreran ere, eraikina hutsik zegoelako.
Fiskaltzak eta eraikinaren jabeak jarritako helegitearen harira, kaleratu du autoa Gipuzkoako Auzitegiak.
Akusazioen arabera, 2011ko irailaren 24an gazte batzuek Uxotegi eraikina okupatu zutenean, Madrilgo agure batena zen eraikina usurpatu zuten, kalteak egin zituzten eta mehatxuak izan ziren. Gainera, Udaltzaingoari lan egiten ez uztea eta delituak ez pertsegitzea leporatzen diote Ibazetari.
Auzitegiak jurisprudentzia-doktrina aipatu du, utzitako edo hondatutako eraikinen okupazioak, eta "sozialki ageriko" jaberik ez duten lur-eremuen okupazioa ere zigorgarria ez dela argudiatzeko.
Azaldu duenez, izapideek argi erakusten dute eraikina abandonatuta zegoela. Halaber, Udaltzaingoaren polizia-atestatuan irakur daitekeenez, "eraikina erortzeko zorian dago, ez dauka ez teilaturik, ezta aterik eta leihorik ere eta ez dago inor bertan bizitzeko moduan".
Erabaki horren aurka, ezin da helegite arruntik aurkeztu.