Gizartea -
Erasoa Bilbon
Bilboko komunitate nigeriarra ikerketen emaitzen zain dago
Zen4 gimnasioan jazotako erasoa salatzeko asmoz, Nigerian Progressive Union Elkarteak elkarretaratze bat deitu du gaur arratsalderako Bilbon.
Erredakzioa
Ustez Juan Carlos Aguilar shaolin maisuak igandean bortizki jipoitu zuen emakumearen kasuaren harira Ertzaintzak bideratutako ikerketen emaitzen zain dago Bilboko komunitate nigeriarra. Izan ere, borroka arteetan aditu horren gimnasioan eta etxebizitzan gorpuzkiak aurkitu ditu Poliziak.
"Beldur gara gorpuzki gehiago daudela esaten dutelako", adierazi die kazetariei Christian Safua Nigerian Progressive Union Elkarteko idazkari nagusiak, igandean atxilotu zutenaren gimnasioaren aurrean.
Safuak esan duenez, "mota horretako pertsonak serie-hiltzaileak dira", eta hau gaineratu du: "Ez dakigu gure emakumeak seguru dauden; izan ere, Poliziak ikerketak bukatu arte ezin izango dugu jakin zenbat emakume dauden desagertuta".
Jatorri afrikarreko emakumeak joan den igandean jazotako erasoa salatzeko, elkarte horrek elkarretaratzea deitu du gaur arratsalderako, Bilbon. Herrikideak "hunkituta" eta "gogaituta" daude, lehenago ere emakume nigeriarren kontrako eraso gehiago izan direlako.
Elkarte nigeriarraren idazkariak azaldu duenez, zauritutako emakumeak "kalean lan egiten" zuen, eta bere egoeran daudenentzako babes handiagoa eta informazio gehiago eskatu ditu. Izan ere, "paperik" ez dutenez, "salaketak egiteko beldur dira".
Safuaren arabera, Bilbon bizi diren nigeriarrek bistaz ezagutzen zuten ustezko erasotzailea, "beltzok mugitzen garen inguruan bizi delako".