Gizartea -

Lehen datuak

Uholdeek 20 milioiko galerak eragin dituzte Nafarroan

Aseguruen Konpentsazio Partzuergoaren arabera, kaltetuen zenbatekoa 1.500-2.500koa izan daiteke. Nafarroako Gobernuak emergentzia egoera indargabetu du.

Nafarroako uholdeek kalte material ugari eragin dituzte. EFE
Nafarroako uholdeek kalte material ugari eragin dituzte.
Nafarroako uholdeek kalte material ugari eragin dituzte. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunotan Nafarroan bizi izan dituzten uholdeek 1.500-2.500 laguni eragin diete ezbeharren bat eta 20 milioiko galerak utzi dituzte, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak kaleratu dituen lehen datuen arabera. Uholdeek utzitako kalte materialen zenbatekoa, edonola ere, ''gutxi gora beherakoa'' da, iturri horrek ohar baten bidez jakitera eman duenez.

Idatzi horretan azaldu dutenez, Aseguruen Konpentsazio Patzuergoak jasotako ezbeharretatik, 850 etxebizitzetan gartatutakoak dira. Beste 275 saltokiek jasandako kalteak dira; 75 kasu industriari lotuta daude, eta 300 ezbehar, berriz, ibilgailuei dagozkie.

Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak 25 peritu igorri ditu kalterik gehien jasan duten Nafarroako zonaldeetara.

Emergentzia egoera indargabetu dute

Nafarroako Gobernuak emergentzia egoera indargabetu du eta, Arriskurako Larrialdi Plan Berezian jaso bezala, uholdeak hartu dituen eremuetan normaltasunera itzultzeko behar diren gutxieneko baldintzak berrezarri ostean.

Ebro ibaiak gainezka egin zuen astelehen arratsaldean eta Arguedaseko eta Valtierrako hainbat soro ur azpian geratu ziren. Hala ere, Buñuel, Fontellas eta Ribaforada herrietan ez du aparteko kalterik eragin urak, eta oro har, Nafarroako Larrialdietarako Agentziak esan duenez, uholdeek laborantzako lurretan eragindako kalteak urtarrilekoak baino "dezente txikiagoak" izan dira.

Nafarroan urak bere onera datoz pixkanaka. Ebrok oraindik hazita jarraitzen du baina ur emaria jaisten ari da pixkanaka. Soroak eta bide batzuk hartu ditu ibaiak, baina ez da hasieran uste zen bezain larria izan.

Arazo nabarmenik eragin gabe pasatu da mailarik altuena Castejon eta Tutera parean.

eguraldia funes castejon

eguraldia funes castejon

Ibaia, oso hazita Castejonen.

Castejonen, esaterako, metro erdi inguru jaitsi da Ebroren maila gauean, eta goizeko lehen orduetan bertako maila 6,20 metrokoa izan da.

'Koordinazioa' eskatu dio Barcinak Rajoyri

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Yolanda Barcinari telefonoz deitu dio goizean uholdeek eragindako kalteez galdetzeko. Ildo horretan, Nafarrokoa presidenteak "koordinazioa" eskatu diola jakinarazi du.

Rajoyren deia jasotzeaz gain, "uholdeen eta hondamendien kasuetarako, Ministerio guztiekin elkarlanean eta Barne Ministerioaren gidaritzapean" Lege Dekretu bat martxan jartzeko Nekazaritza eta Barne ministroekin harremanetan jarri dela azaldu du Barcinak.

Bi errepide nagusik itxita jarraitzen dute

Nafarroako errepide sare nagusiko bi bidek itxita jarraitzen dute, zehazki NA-113 errepidea, Castejonen, eta N-121-A Belateko tunelen parean.

Bestalde, bigarren mailako beste hainbat bide ere itxita daude azken egunetan egon diren luiziengatik.

Iruñerrian, kalteak zenbatzen

Iruñerrian kalteak aztertzen eta konpontzen hasi dira; izan ere, galerak handiak dira.

Kalteak oso handiak izan dira.

Lohia kentzen eta kalteak zenbatzen jarraituko dute gaur. Polemika piztu da orain, aspaldian izan diren uholde handienak nola ez dituen inork aurreikusi galdetzen baitute askok. Nafarroako Gobernuak azalpenak eskatu dizkio Ebroko Ur Konfederazioari, eta azken honek, berriz, naturari bota dio errua.

Atarrabiako udalak Nafarroako gobernuari inguru guztia hondamendi eremu izendatzeko eskatu zion asteleheneko osoko bilkuran. Espainiako gobernuarekin behar diren kudeaketak egin ditzala eskatu dute diru laguntzak bideratzeko.

Halaber, Iruñeko udaltzainek baliabide falta salatu dute.

Kaltedunentzako bulegoa

Iruñean, Udaltzaingoak bulego bat ireki du, kaltedunak artatzeko.

Bulegoa Iratxeko Monasterioaren kaleko 2. zenbakian dago, eta horren telefono zenbakiak 948 420 638 eta 948 420 639 dira, Udalak jakinarazi duenez.

Irache Nafarroako kontsumitzaileen elkarteak kaltedunei gomendatu die zazpi egun baino lehen Aseguruen Konpentsazio Partzuergoari kalteen berri ematea.

Lur-jausia Ordizian

Bestalde, Ordizian, Ertzaintzak eta Goierriko suhiltzaileek amaitu dituzte bilaketa lanak Iruburueta kalean eta baieztatu dute ez dagoela biktimarik.

Astelehenean, 21:00ak aldera, etxe bati eusteko horma bat erori zen, eta, ondorioz, gas isuri bat izan zen. Bizilagunak etxeetatik atera zituzten eta kanpoan igaro dute gaua. Gaur abiatuko dituzte eroritako horma konpontzeko lanak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea