Gizartea -
Diabetikoak
FEDEk orratzak berrerabiltzeari uzteko eskatu dio Osakidetzari
Espainiako Diabetikoen Federazioak azaldu duenez, orratzak erabilera bakarrekoak dira, eta horiek berrerabiltzeak, debekatuta egoteaz gain, hipogluzemia larriak sor ditzake.
Erredakzioa
Espainiako Diabetikoen Federazioak (FEDE) auzitara eramango du Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila diabetikoekin orratzak berrerabiltzen jarraitzen badu. Izan ere, praktika horiek, debekatuta egoteaz gain, hipogluzemia larriak sor ditzakete.
FEDEk diabetikoen kasuetan orratzak berrerabiltzearen kontrako kanpaina bat aurkeztu du gaur Gasteizen. Federazioaren arabera, Espainiako autonomia erkidego gehienek ez dute material hori berrerabiltzea debekatzen duen araudia betetzen.
Osasun Ministerioak, Munduko Osasun Erakundeak eta Europar Batasunak debekatu dute praktika hori.
Angel Cabrera FEDEko presidenteak aurkeztutako datuen arabera, Euskadin 144.136 pertsonak dute diabetesa, eta, horietatik, 35.025ek egunero 2,2 aldiz (batez beste) hartu behar dute intsulina xiringa bidez. Beraz, pertsona horiek 66 orratz behar dituzte hilero. Hala ere, EAEko osasun zentroek 54 orratz eskaintzen dituzte soilik. Hori dela eta, urtero 9,5 milioi orratz berrerabiltzen dira Euskadin.
Cabrerak azaldu duenez, orratz horiek behin bakarrik erabiltzekoak dira, esterilitatea galtzen dutelako eta puntak apurtu egin daitezkeelako. Horretaz gain, ez dira berriak bezain ondo sartzen, eta min egin dezakete. Gainera, odol-isuriak, hematomak eta hipogluzemia larriak (dosia gaizki emateagatik) eragin ditzakete.
Beharrezkoak dituzten orratzak medikuei eskatzeko gomendatu die FEDEk gaixoei, "euren eskubidea delako", eta osasun langileek ezezkoa emanez gero, Osakidetzan kexak aurkezteko eta horien kopia bat FEDEren egoitzara bidaltzeko eskatu die.
Halaber, Jon Darpon Osasun sailburuari gaixoen artean beharrezkoak diren orratzak banatzeko protokoloa sortzeko eta martxan jartzeko eskatu diote.
Oraingoz, FEDEk ez ditu debekatuta dauden praktika horiek salatu, "Administrazioak eta gaixoak kontzientziatu" nahi dituelako arazo horren aurrean, baina irregulartasun horiek jarraitzen baldin badute, akzio judizialak hasiko dituela jakinarazi du.