Gizartea -
Uholdeak Pirinioetan
700 bat pertsona etxetik atera dituzte Lleidan eta Huescan
Ia 400 lagun ebakuatu dituzte Kataluniako pirinioaren eskualdeetan, eta ez dira etxeetara itzuliko gutxienez asteazkenera arte. Ia 300 pertsona etxetik atera dituzte Benasquen (Huesca).
Erredakzioa
700 bat lagun etxetik atera dituzte gaur Lleidako eta Huescako Pirinioetan, ibaiek gainezka egin eta gero. Euri-jasa mardulak bota ditu eta uholdeek kalte handiak eragin dituzte, Benasquen eta Vall d'Aranen batez ere. Vall d'Aran larrialdi egoeran dago.
Ramon Espadaler Kataluniako Barne kontseilariak arratsaldean azaldu duenez, denboralea datorren orduetan baretuko dela diote eguraldiaren iragarpenek, baina Kataluniako pirinioaren eskualdeetan ebakuatu dituzten ia 400 lagunak ez dira etxeetara itzuliko gutxienez asteazkenera arte. 1.300 ikaslek ez dute gaur eskolarik izan.
Uholdeek zenbait errepide itxi dituzte, baita zubiak eta sare elektrikoa kaltetu ere. Horrela, 4.000 pertsona argindarrik gabe geratu dira, baina arratsaldeko azken orduan zerbitzua berreskuratu dute.
Bestalde, Vielhan azken 24 orduetan metro karratuko 112 litro bota dituela esan du Oriol Puig Kataluniako Meteorologia Zerbitzuaren zuzendariak. 1982ko marka errepikatu dela gaineratu du Puigek.
300 bat pertsona etxetik atera dituzte Benasquen (Huesca), Esera ibaiak gainezka egin eta gero. Ebakuatu dituzten lagunak herriko kiroldegian daude eta gaua bertan pasatuko dute. Herria errepidez inkomunikatuta dago eta transformadore elektriko bakarra dago martxan.
Garona ibaia
Ia 400 pertsona etxetik atera behar izan dituzte Garona ibaiaren arroan. Horietako batzuk ezin izan dira euren etxebizitzetara hurbildu Vall d'Aran (Lleida) eskualdeko uholdeak direla-eta, Babes Zibileko bozeramaile batek jakitera eman duenez.
50 bat pertsona etxetik atera eta Vielhako hotel batean ostatu hartu dute. Gainerako guztiak eskualdeko herrietako zona garaietara eraman dituzte. Udalek aretoak prestatu dituzte larrialdi egoera ikusita. Ibaiek gainezka egin dute.
Arties, Salardu, Les, Bossost eta Naut Aranen 200 bat lagunek etxebizitzak utzi behar izan dituzte ibaiaren alboan daudelako. Udaletxeetan edo zona garaietan bizi diren auzotarren etxebizitzetan hartu behar izan dituzte.
Esterri d'Aneun, Gurutze Gorriak zentro bat prestatu du, beharrezkoa balitz ebakuatu dituzten pertsonak hartzeko. Llavorsin hamar bat lagun etxetik atera dituzte, eta beste bederatzi Espoten.
Garona ibaiaren alboan bizi diren pertsonak ebakuatu dituztela azaldu dute Babes Zibileko iturriek. Guztiak onik atera direla erantsi dute.