Gizartea -
Urriaren 12an
Sindikatu abertzaleek 'Wert Legea'ren aurka protesta egingo dute
Wert Hezkuntza ministroaren erreforma erabat arbuiatzen dute ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek, "inposaketa, zentralizatzailea, doktrina, atzerakoia eta elitista" delako.
Erredakzioa
Urriaren 12an kaleak hartzeko dei egin dute sindikatu abertzaleek, hezkuntzaren errefomaren (LOMCE) aurka protesta egiteko eta hezkuntza sistema propioa defendatzeko.
ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuetako ordezkariek eta Ikastolen Elkartea, Sortzen Ikasbatuaz, UEU, Ikasle Abertzaleak, HikHasi eta NIZEko kideek adierazpen bateratua sinatu dute goizean Wert ministroaren hezkuntza erreforma erabat arbuiatzeko, "inposaketa, zentralizatzailea, doktrina, atzerakoia eta elitista" delako.
Xabi Irastorzak (ELA) eta Aitziber Martinez de Lagosek (Sortzen Ikasbatuaz) adierazi dutenez, azken hilabeteetan hezkuntza arloko eragileekin harremanetan izan dira jarrera bateratua azaltzeko. "Mundu guztiak" deialdiarekin "bat egiteko hitz egiten" jarraituko dutela erantsi dute.
Nafarroako eta EAEko parlamentuei, gobernuei eta alderdi politikoei LOMCE "inola ere ez aplikatzeko" eskatu diete sindikatu abertzaleek. Era berean, "gure hezkuntza, kanpoko esku-sartzerik gabe" eraikitzeko baliabideak bideratzeko eskatu diete.