Gizartea -

1.600.000 ibilgailu

Iaz baino ibilgailu gutxiagok zeharkatuko dute Euskadi udan

Trafiko Zuzendaritzak hainbat ekimen abiatuko ditu garai honetan ibilgailuen joan-etorriak arintzeko.

Uda honetan 1.600.000 ibilgailuk zeharkatuko dute Euskadi. Argazkia: EITB.
Uda honetan 1.600.000 ibilgailuk zeharkatuko dute Euskadi. Argazkia: EITB.
Uda honetan 1.600.000 ibilgailuk zeharkatuko dute Euskadi. Argazkia: EITB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak iragarri duenez, uda honetan ibilgailu gutxiagok zeharkatuko dute Euskadi.

Garbiñe Saez Molinuevo Trafikoko zuzendariak ekainaren 28an hasi eta irailaren hasieran bukatuko den operazio bereziaren nondik norakoak azaldu ditu gaur Bilbon.

Denbora tarte horretan, kanpotik etorritako 1.640.000 ibilgailuk zeharkatuko dute Euskadi, aurreikusitako datuen arabera.

2012an aurreko urtean baino % 4,25 ibilgailu gutxiago pasatu ziren Irungo ordainlekutik. Hala, aurreko urteetatik jasotako datuekin egindako aurreikuspenen arabera, aurten ere beherako joera horri eustea espero dute.

Uztailaren bukaeran eta abuztuaren hasieran egon ohi da joan-etorri gehien.

Trafiko zuzendaria ASF Trafiko Kontrolatzeko Biarritzeko Zentroaren eta CRICR Trafikoa Kudeatzeko Bordeleko Zentroaren arduradunekin bilduko da, Biriatuko ordainlekuan ibilgailuen joan-etorriak arintzeko akordioak lortzeko asmoz. Toki horietan arazoak egon ohi dira abuztuaren bukaeran.

Abuztuaren bukaeran, gidariak libre dauden kabinetara bideratzeko, langile gehiago jartzeko eskatuko dio Trafiko Zuzendaritzak ASFri.

Horrez gain, abuztuko azken hiru asteetan Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroak kudeatuko duen seinaleztapen-sistema bat ezarriko du Trafiko Zuzendaritzak, Biriatuko ordainlekura heldu baino 800 metro lehenago.

Gainera, zuzendariak jakinarazi duenez, Euskadi zeharkatzeko ibilbide alternatiboen mapa deskargatzeko aukera egongo da Trafiko Zuzendaritzaren webgunean.

Halaber, seinaleztapen-paneletan auto-ilaren, ezbeharren eta beste hainbat gaien inguruko informazioa eskainiko dute, eta azken uneko informazioa emango dute Twitter eta 011 telefono zenbakiaren bitartez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea