Gizartea -

Atez atekoa

5.328 gipuzkoar, ‘atez atekoaren’ aurka, asteburuko herri galdeketetan

Villabonan, Anoetan, Iruran eta Ordizian egin dituzte asteburu honetan zaborra kudeatzeko sistemen inguruko galdeketak, eta parte-hartzea % 35 eta % 40 artekoa izan da.

Ekainaren 17an ezarri zuten 'atez atekoa' Tolosaldean. Argazkia: EITB.
Ekainaren 17an ezarri zuten 'atez atekoa' Tolosaldean. Argazkia: EITB.
Ekainaren 17an ezarri zuten 'atez atekoa' Tolosaldean. Argazkia: EITB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guztira, Gipuzkoako Villabona, Anoeta, Irura eta Ordizia udalerrietako 5.328 auzokidek bosgarren edukiontziaren alde bozkatu dute asteburuan egindako herri galdeketetan. Parte-hartzea % 35 eta % 40 artekoa izan da.

Tolosaldea Txukun elkarteak antolatu ditu aipatu galdeketak Villabonan, Anoetan eta Iruran. Patxi Amantegi bozeramaileak adierazi duenez, "aste hau oso gogorra izan da herri hauetan", izan ere, bere ustetan, udalek iniziatiba hori "deslegitimatu" nahi izan dute, eta auzokideak "desmobilizatzen" saiatu dira bozkatzera joan ez zitezen.

Amantegik aurkeztutako datuen arabera, Villabonan 1.625 pertsonak hartu dute parte kontsultan, erroldatutakoen % 36k, eta horietako 1.613k bosgarren edukiontziaren alde bozkatu dute,  9k atez ateko sistemaren alde, eta 3 boto nuluak izan dira.

Anoetan parte-hartzea % 35ekoa izan da; 498 auzokidek hartu dute parte. Horietako 493k bosgarren edukiontziaren alde egin dute, 3k atez atekoaren alde, batek zuriz bozkatu du eta beste bat nulua izan da.

Iruran, berriz, 464 pertsona joan dira bozkatzera (erroldatutakoen % 40). 457k bosgarren edukiontziaren alde bozkatu dute, eta 5ek atez atekoaren alde. Beste biak boto zuria eta nulua izan dira.

Ordizian, erroldatutakoen % 40k hartu dute parte; hau da, 2.838 auzokidek. Hala, 2.765ek bosgarren edukiontziaren alde bozkatu dute, 40k atez atekoaren alde, 30 boto nuluak izan dira eta 3k zuriz bozkatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea