Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizon batek neska lagun ohia hil duela aitortu du, Granadan
Gizonezkoa Almuñecarren aurkitu dute, hainbat kolpe eta zauri zituela, eta ospitale batera eraman dute. Han, emakumea hil duela aitortu du, lur jota.
Erredakzioa
Emakume bat hilda aurkitu dute gaur goizaldean, bikotekide ohiarekin batera zeukan etxebizitzan. Gizon hori Almuñecarren atxilotu dute, emakumea hil duela aitortu eta gero, Poliziak jakinarazi dutenez.
Enrique Miguel Toro kaleko etxebizitza batean aurkitu dute gorpua, 02:00ak baino zertxobait lehenago. Hildakoaren egungo bizikideak eman du abisua; izan ere, bikotekidearekin batera zuen pisura joan zen biktima, gai batzuk konpontzera, eta ez zen egungo etxera itzuli.
Hitzordu horren ostean, biktima ez zen lanera joan, eta ezin zuten aurkitu. Hala, bizikideak, urduri, 112 larrialdi zerbitzua ohartarazi du, eta horiek Espainiako Poliziarekin harremanetan jarri dira.
Hainbat informazioren arabera, bien bitartean, Almuñecarreko Udaltzaingoak hildakoaren bikotekide ohia aurkitu du, hainbat kolpe eta zauri zituela eta apur bat "aztoratuta".
Gizonezkoak biktimaren telefono mugikorra eta kreditu txartela zeramatzan aldean, eta agenteek anbulatorio batera eraman dute hura azter zezaten.
Handik, Motrileko Santa Ana Ospitalera eraman dute. Bertan, emakumea hil duela aitortu du, lur jota.