Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Gizon batek bikotekidea Urumea ibaira bota du, Donostian

Horrez gain, emakume bat atxilotu dute Irunen, bikotekideak astindu ostean gizonari labana batez erasotzeagatik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakume bat zauritu da bart, bikotekideak Urumea ibaiko arroka batzuetara bultzatuta, Donostian. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gizonezkoak aurreko batzuetan ere eraso izan dio emakumeari, eta iaz atxilotu egin zuten horregatik. Ertzaintzak berriro atxilotu du.

Atzo gauerdian, gizon batek SOS Deiak 112ra deitu zuen, polizia patruila bat Ramon Maria Lili pasealekura bertaratzeko eskatuz. Neska laguna bera jipoitzen ari zela esan zuen, eta, telefonoz ari zen bitartean ere, emakumea iraindu zuen eta heriotza-mehatxuak egin zizkion, Poliziak jakinarazi duenez.

Ertzaintza bertaratu zenean, salaketa egin zuen pertsona agenteengana hurbildu zen, oihuka, eta oldartu egin zitzaien.

Metro gutxitara, Urumea ibaiaren ertzeko arroka batzuetan, emakume bat aurkitu zuten, zaurituta. Hura erreskatatzeko, suhiltzaileen laguntza behar izan zuten.

Biktimak hainbat kontusio zituen, eta tokian bertan artatu behar izan zuten. Ondoren, Donostia Ospitalera eraman zuten.

Gizonezkoa atxilotu egin zuten, genero indarkeriaren delitu bat egotzita.

Emakume batek bikotekideari eraso dio, labana batez, Irunen

Bestalde, Ertzaintzak 57 urteko emakume bat atxilotu zuen atzo arratsaldean, Irunen (Gipuzkoa), arma zuri batez bikotekideari ustez eraso egiteagatik. Gizonak emakumea astindu eta lurrera bota ondoren etorri zen erasoa, salaketaren arabera. Gizona Donostia Ospitalera eraman behar izan zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia argazkiak Indarkeria matxista gaur Gizartea Ibaien albisteak