Gizartea -
Ezbeharra Santiagon
Epaileak lekuko gisa deklaratzera deitu du treneko ikuskatzailea
Kutxa beltzetik berreskuratutako informazioaren arabera trena bidetik irten baino minutu batzuk lehenago deitu zion gidariari. 10:00etatik aurrera deklaratuko du Galiziako Justizia Auzitegi Nagusian.
Erredakzioa
Luis Alaez epaileak bihar lekuko gisa deklaratzera deitu du Santiagoko tren istripua gertatu baino lehen gidariari telefonoz deitu zion Antonio Martin Marugan treneko ikuskatzailea.
Maruganek erantzukizunik ez duela dio epaileak autoan, eta hipotesi nagusia makinariak trena gaizki gidatu zuela da.
Treneko ikuskatzailearen deia "zuzena" dela uste du epaileak, sektorean ohiko prozedura baita.
Deia trena errailetik ateratzeko arrazoia izan ez zela dio magistratuak, nahiz eta "zoritxarrekoa" izan. Hala ere, arduragabekeria leporatzeko "nahikoa ez" dela uste du.
Treneko ikuskatzaileak adierazi duenez, Justiziaren aurrean emango ditu azalpenak: "Prozesu judizial batean murgilduta nago. Bihar deklaratzera noa epaitegira, eta, beraz, ez dut bestelako azalpenik emango handik kanpo".
Maruganek bihar 10:00etatik aurrera deklaratuko du lekuko gisa epailearen aurrean, Galiziako Justizia Auzitegi Nagusiak ohar bidez jakinarazi duenez. Bestalde, auzia ikertzen ari den instrukzio-epaileak gaur jasoko du treneko kaxa beltzetik ateratako informazioarekin osatutako txostena.
Treneko ikuskatzaileak Poliziaren aurrean deklaratu du gaur, eta telefono dei horren berri zergatik ez zuen eman azaldu du: "Oso beldurtuta nengoen, irudi beldurgarriak nituen buruan bueltaka. Ez zen informazio garrantzitsua. Nire asmoa ez zen telefono dei hori ezkutatzea eta ziur nago gidariak ere ez zuela hori egin nahi". Aipatu duenez, bi minutuz aritu ziren telefonoz hitz egiten eta Pontedeumera iristean "zein bidetan gelditu behar zuten" izan zuten hizpide.